Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2013/09/09

EAJk euskal politikagintzan dauden korapiloak askatze bidean lehen urratsa eman du alderdi sozialistaren eskutik

Gainerako alderdiei jeltzale eta sozialisten arteko aurreakordioarekin bat egiteko gonbitea luzatu die Joseba Egibar bozeramaile jeltzaleak.

rss Ezagutzera eman
EAJk euskal politikagintzan dauden korapiloak askatze bidean lehen urratsa eman du alderdi sozialistaren eskutik

ARGAZKIA JAITSI

Hilabetetan lanean aritu ondoren, Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Alderdi Sozialistak Euskadi modernoagoa, solidarioagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa lortzea helburu duen aurreakordioa aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. Akordio hau “euskal politikagintzan dauden korapiloak askatze bidean lehen urratsa dela” ziurtatu du ganberako bozeramaile jeltzalea den Joseba Egibarrek, eta “aurrerantzean hiritarren arazoei aurre egiteko pausu garrantzitsua” ere izango dela. “Krisitik atera, lanpostuak sortu eta gizarte zerbitzuak bermatzeko aurrerapauso handia da”, adierazi du.

Egibarrek gogoratu du EAJ-k eta Iñigo Urkullu Lehendakariak berak alderdi ezberdinen arteko indar metaketaren aldeko apustua egin dutela legegintzaldi hasieratik. Eta, bide horretan aurrera egiten lehena Alderdi Sozialista izan dela, adostu berri den aurreakordioa ahalbideratuz. Hala eta guztiz ere, gainerako alderdiei gogoratu die negoziazioa ez dagoela itxita eta aurreakordioarekin bat egiteko gonbitea luzatu die: “Lortu dugun adostasun hau gainerako alderdiei eta erakundeetara ere zabal genezake borondate politikoa izanez gero”.

Aurreakordioak lau ardatz dituela azaldu du burukide jeltzaleak: ekonomia produktiboa eta enpleguaren sorrera; iruzur fiskalaren kontrako borroka eta zerga sistema berria; euskal egitura instituzionalaren berrikusketa eta administrazioaren erreforma; eta gizarte zerbitzuen mantentzea.  Argitu duenez, bi alderdiek akordioa hilaren 16an ixteko borondatea dute  eta, hiru egun beranduago, Legebiltzarrean fiskalitatearen inguruko bilkura monografikoa egitea aurreikusten dute.

Fiskalitatearen inguruan ohartarazi du azken erabakia lurralde bakoitzeko Batzar Nagusiek hartuko dutela eta harmonizazioa, berriz, Legebiltzarraren esku geldituko dela. “Aldaketa guzti hauek malgutasunez eta bizkortasunez egin beharko ditugu denbora gainera datorkigulako”, jakinarazi du. Hori dela eta, gainerako alderdiei negoziaketan parte hartzeko gonbitea luzatu die egungo egoeratik ateratzeko “guztion indarrak batzeak berebiziko garrantzia” duelako.