Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2013/06/18

EAJ: “Kontzertu ekonomikoaren inguruko eztabaidaren helburua Euskadi eta Kataluniaren herri izaera ezberdina ez onartzea da”

Joseba Egibar EAJ Legebiltzar taldeko bozeramaileak uste du PSOEk eta PPk, “demokrazia kontuan hartzen badute”, onartu egin beharko luketela euskal gizarteak gehiengoz erabakitzen duena.

rss Ezagutzera eman

EAJ Legebiltzar taldeko bozeramaile eta GBBko lehendakari den Joseba Egibar Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren berrikusketaren inguruan sortu den polemikari buruz mintzatu da eztabaida honen eratorria “Estatuaren politika, ekonomia eta herrialde ereduaren porrotean” dagoela ziurtatzeko. Bere ustetan, “Espainiak ez du jakin Euskadi, Katalunia eta Galiziako herri izaera ezberdinei erantzuten eta bideragaitza dela frogatu den 17 autonomien ereduarekin konpondu nahi izan du arazoa”.  Egibarrek azaldu du Navarrok eta Pérez Rubalcabak eginiko adierazpenak ez direla “bat-batekoak” izan, ezta gutxiago ere. Burukide jeltzalearen iritziz, Alderdi Sozialistak eztabaida berri bat mahaigaineratu nahi izan du Kontzertu Ekonomikoa ezabatzea eskatu duenean eta ez dio jaramonik egin “benetako arazoari”, hau da: “Espainiak Kataluniari eman behar dion eta asmatzen ez duen irtenbideari”. 

Egibarrek adierazi duenez, Espainiaren Barne Produktu Gordinaren %21 Kataluniatik dator, baina Estatuaren finantziazio eskemaren bitartez ez zaio “ezta soldatak ordaintzeko adina diru ailegatzen bueltan”. Hori dela eta, aurreratu du kataluniarrek Euskadiko Kontzertu Ekonomikoaren antzerako sistema bat edukiko balute etorkizun oparoa izango luketela. “Honekin guztiarekin ondoriozta daiteke Espainiaren egungo sistema bideraezina dela eta Euskadirena, berriz, erabat bideragarria, bere baliabideak, betebeharrak eta zerbitzu publikoak era egokian kudeatzen dituelako”, erantsi du. 

Burukide jeltzaleak Euskadiko Kontzertu Ekonomiaren alde egin du berriz ere, autogobernuaren “muina” delako, eta gogoratu du bere izaera zalantzan jarri dutela zenbaitek  “80. hamarkadatik gaur egun arte”, PSC-ko idazkari nagusi den Pere Navarrok Kontzertua ezabatzea eskatu duenean frogatu den bezala. “Autonomia batzuk hain dira bideragaitzak Estuaren beraren egitura jarri dutela kolokan. Eta, bitartean, bideragarriak diren Euskadi bezalako autonomiak jartzen dira zalantzan solidarioak ez garela argudiatzen, baina ez da egia: herrialdeen arteko solidaritatea Kupoaren bidez eramaten dugu praktikara”, ziurtatu du. 

Amaiurrek EAJ-ren aurka esandakoei ere erantzun die Egibarrek, Kontzertuaren inguruko eztabaida alde batera utzi eta erabakitzeko eskubidearen alde egiteko eskaerari, alegia. “Ezker Abertzalea beti berandu ailegatzen da eztabaidetara, kasu honetan 30 urtetako atzerapenarekin, eta gainera, lezioak eman nahi dizkigu gainerakoei”, esan du. 

Kontu honen inguruan, ohartarazi du Eusko Legebiltzarraren baitan erabakiko dela Euskadi eta Espainiaren arteko erlazioa finkatuko duen estatus berria eta azpimarratu du “errespetutik eta erabakitzeko eskubidetik” abiatuko den erabakia izango dela. Ildo horretan, PSOE eta PP-ri eskatu die “demokrazia kontutan hartzen badute, onartu egin beharko dutela euskal gizarteak gehiengoz erabakitzen duena”. Edonola ere, jakinarazi du gatazkak jarraitu egingo duela “38 milioi espainiarren iritzia Euskadiko 3 milioiei inposatzen bazaie”.