Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2013/02/21

Donostiako tren zeharbidearen alde dago EAJ

Maribel Vaquero eta Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkideek adierazi dutenez, "ez dute edozein proiektu babestuko”, eta PSEk mahai gainean jarritako proiektua “zentzugabekeritzat” jo dute.

rss Ezagutzera eman
Donostiako tren zeharbidearen alde dago EAJ

ARGAZKIA JAITSI

“EAJ-PNV talde parlamentarioa Donostiako tren zeharbidearen alde dago, baina ez du edozein proiektu babestuko”, ohartarazi dute Maribel Vaquero eta María Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzaleek. Gaur Eusko Legebiltzarreko bilkuran azaldu dutenez, PNV hiriko tren zeharbidea eta EuskoTrenen zerbitzuaren banatzearen alde dago, baina ez du Arriola eta Gascok defendatzen duten proiektua babesten “zentzugabekeria hutsa” delako.

“PSEren Gipuzkoako presidentearen alderdikeri eta interes politikoen zerbitzura egindako proiektua zela uste genuen, eta hala ziurtatu dugu Eusko Jaurlaritzara ailegatu eta esleipenak nola egin diren ikusi ondoren”, azaldu dute legebiltzarkideek. Zehaztu dutenez, Lopezen Gobernuak Donostuialdeko Metroa deituriko proiektua “azterketa alternatiborik egin gabe eta gainerako erakundeekin hitzartu gabe” abiarazi zuen. Eta hori, beren ustetan, gainerako erakundeekiko “sekulako errespetu falta” da eta finantziazio arazoak ekartzen ditu.

Aurreko Garraio Departamentuko arduradunak gogor kritikatu dituzte Vaquerok eta Arrizabalagak obra Eusko Jaurlaritzak zeukan diruaren arabera diseinatzeagatik eta “tunel soil bat” egiteko trenen inguruan egin beharreko inbertsioak 2016 urtera arte hipotekatzeagatik. Izan ere, PSEk 110 milioiko esleipena egin badu ere, Donostialdeko Metroa gauzatzeko beste 80 milioi beharko liratekeela jakinarazi dute, besteak beste, Lugaritz eta Morlans arteko obra zibila, instalazio elektrikoak, seinaleak eta egin beharrko liratekeen beste hamaika lan burutzeko. “PSEk hartutako konpromiso ekonomikoak ezin dira bete; arduragabekeri handia izango litzateke horiekin aurrera jarraitzea”, esan dute legebiltzarkideek “egiteke dagoen eta finantza daiteken proiektu bakarra Arriola eta Gascoren egoa” dela eransteko.

Hori guztiarengatik, EAJ-PNV talde parlamentarioak eta Bilduk zuzenketa aurkeztu dute Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzari baimenik ez duten eta hitzartuta ez dauden obrak bertan behera uzteko eskatzeko. Testuak, gainera, egungo tren zerbitzua hobetu, lineak banatu eta geltoki berriak egitea eskatzen du, “erabiltzaileei erantzuna eman eta kalitatezko zerbitzu intermodala eskaintzeko” asmoz.

EH Bilduk EAJ-PNV bere posizioetara hurbildu dela esan ondoren, honakoa erantzun dute Vaquerok eta Arrizabalagak: koalizioa izan dela jeltzaleen zuzenketara batu dena eta ez alderantziz. Bestalde, Gipuzkoako PPren presidenteari, Borja Semperri, ziurtatu diote Euskadiko Alderdi Jeltzaleak Gipuzkoa ez duela alde batean utzi. “Gipuzkoarrek badakite Semper jaunak demagogia egiten duela, garai batean Donostiako alkate zen Odón Elorzak egiten zuen bezala”, azaldu dute.