Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2013/02/13

Oregi: "Gure lurralde-estrategiak herrialdearen garapena sustatuko du"

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak bere sailaren jarduera-ildo nagusiak azaldu ditu Legebiltzarrean.

rss Ezagutzera eman
Oregi:

ARGAZKIA JAITSI

  • Ana Oregi 2013-02-13
    2013/02/13

    ARTXIBOA JAITSI

Ana Oregik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Jaurlaritza berriaren lurralde-estrategia «Herrialdearen garapena bultzatzea» izango dela bermatu du Eusko Legebiltzarrean. Oregik Jundiz industrialdea (Araba) sustatzea eta Forondako aireportua indartzea proposatu du euskal portuen zerbitzu osagarri gisa; horrez gain, Pasaiako portuko kaiaren eta ingurunearen premiazko biziberritzea eta hura Bilboko portuarekin lotuko duen hegoaldeko trenbide-lotura gauzatzea proposatu du. Era berean, ingurumen arloko administrazio-prozedurak sinplifikatuko direla jakinarazi du, horrela, enpresen lehiakortasuna errazteko.

Antonio Aiz garraio-sailburuordearekin, José Antonio Galera ingurumen-sailburuordearekin, eta Izaskun Iriarte kabinete-zuzendariarekin batera, Ana Oregik bere sailaren ildo estrategikoak definitu ditu. «Errealistak izan behar dugu –adierazi du–, eta gure lurraldeak bizi duen egoera larriaren diagnosia eta analisia egiteko garaia da; hori dela-eta, eskura ditugun baliabideez baliatu eta elkarrizketa eta adostasuna sustatu behar ditugu gobernantza egoki baten oinarriak finkatzeko».

«Lurralde Estrategia egoki batek lurraldearen erabilerak antolatuko ditu epe luzera, gaur egungo erronkei erantzuten dien bitartean: gune natural babestu gehiago, plangintza hidrologikoa, demografiaren bilakaera, pertsonen eta salgaien mugikortasuna, garraio-azpiegiturak, garraio anitzeko sistema eta gune logistikoak, horiek guztiak lurralde-antolaketaren ildoak eguneratuz», adierazi du Oregik.
 
Bizkortasun burokratikoa

Oregik «ingurumen-kudeaketari dagokionez pertsonei eta enpresei administrazio-prozedurak eta -baldintzak sinplifikatu» beharra adierazi die euskal legebiltzarkideei, «enpresen lehiakortasuna ahalbidetuko duten ebazpen positibo dinamikoagoak erraztuz». «Administrazio publiko guztiak koordinatuko ditugu, krisi ekonomikoaren egoera zailari aurre egiteko beharrezkoa den ekimen pribatua eta publikoa oztopatu gabe».

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak euskal biztanle gehienen izaera hiritarra azpimarratu du, eta bere ustez, «pertsonen, enpresen eta zerbitzuen gertutasunak beren baliabideak modu eraginkorragoan eta jasangarriagoan erabiliko dituzten hiriak eraikitzeko aukerak eskaintzen ditu, eta horrek gure lurralde-estrategia marrazten du, gure herrialdeari balio gehiago emanez».

«Lurralde hiritarra gara, erdiguneetan 5.762 biztanleko dentsitatea dugu km2 bakoitzeko, eta horrek gure ingurumen-jarduketaren agertokia zehazten du», adierazi du ingurumen-sailburuak. «Are gehiago sendotu behar ditugun babes bereziko eremuen eta gune naturalen sare bat dugu; horiek korridore ekologikoekin eta ibai-inguruekin lotu behar ditugu, Alpeetatik Europako Mendietaraino doan testuinguru geografiko naturalari jarraipena emanez». Urdaibaiko biosfera-erreserbaren eginkizuna oso azpimarragarria da eskema berri horretan.

Uren arloari dagokienez, Oregi sailburuak «administrazioen artean hitzartutako politika hidrauliko» bat nabarmendu du. Herritarrak ehuneko ehun hornitzea eta saneamendu-helburuak betetzea da xedea, era berean, «gune hondatuak berreskuratuz».

«Zalantzarik gabe, klimatologiak eragindako aurkako gertakarien kudeaketak –uholdeak eta lehorteak– eta herritarrek jasan ditzaketen arriskuen murrizketak lehentasuna du guretzat», gehitu du Oregik. «Hori guztia behar bezala gauzatu da Urumea (Hernani, Astigarraga eta Donostia), Nerbioi (Basauri), Gobela (Getxo) eta Gasteizko hegoaldeko ibaien konponketan».

Ekodiseinua

EAEko Ingurumen arloko arduradun nagusiak babestuko dituen proiektuek «dagozkien berme guztiak beteko dituzte ingurumenaren babesari dagokionez, enpresen ekoeraginkortasuna eta ekodiseinua bilatuz, eta enpresa-ehunean teknologia garbiagoak txertatu daitezela sustatuz, horrela, produktu berriak eta zerbitzu berdeagoak merkaturatzeko».

Hiri-hondakinen kudeaketari dagokionez, eta Oregik gogoratu duen moduan, «2006. urtean Eusko Legebiltzarrak Hiri Hondakinen Koordinaziorako Organo baten sorrera onartu zuen, foru-aldundiekin batera, EAEko hiri-hondakin solidoen kudeaketarako plangintza-esparruaren irizpideak sortzeko, betiere dagozkien eragileen partaidetza bermatuz».

«Plangintza hori eskura ditugun hondakin-inbentarioetako datuetan oinarrituta gauzatu behar da, hiri-hondakinen kudeaketarako hitzartutako ildo batzuk garatuz, betiere hondakinen plangintza orokorraren barnean, eta Euskadiko hiri-hondakinen balorizaziorako eta kudeaketarako azpiegituren ekonomia, ingurumen eta gizarte arloko aldez aurretiko azterketa egin ondoren».

Zatikapen hidraulikoa

«Ingurumenaren eta Lurralde Politikaren kudeaketari dagokionez, akuiferoak, biodibertsitatea eta ingurumena babestea da gure erantzukizuna. Badakigu erauzketa-jarduketa mota batzuek kalteak eragin ditzaketela gure natura-ondarean, eta, horrenbestez, zatikapen hidraulikoaren teknikaren inguruan abiarazitako prozesu honen jarraipen arduratsua egiten ari gara», adierazi du sailburuak. «Argi dago baldintza egokietan energia- eta meatze-baliabideak aprobetxatu daitezkeela, baina, gure ingurumen-kudeaketak adierazten digun moduan, emandako urrats guztiak kontrolatu behar ditugu egoera konponezinak eta itzulezinak saihesteko».

Garraioa

«Euskal trenbide-sare berria herrialde honetako proiektu handi bat da eta gobernu honek harekin jarraitzeko hitza eman du», azpimarratu du Oregik. «Guk aurrera jarraitzen dugu gure konpromisoarekin eta Madrilek eta Parisek beren abiadura handiko Valladolid-Gasteiz eta Behobia/Dax tarteak bukatu ditzatela eskatzen dugu, 2019-2020 urteetan Europak Lisboa-Madril-Hendaia-Paris ardatz atlantikoan trenbide-komunikazio modernoa eta jasangarria izan dezan, Europako “TEN-T”-an  aurreikusten den moduan».

«Nire saila hasiera-hasieratik ari da xede hori lortzeko lan egiten. Duela egun batzuk Pastor ministroarekin landu nuen gaia, eta gauza bera egingo dugu Frédéric Cuvillier homologo galiarraren teknikariekin ere. Adif eta Euskal Trenbide Sarea «Y» horretan egiten ari diren lana trenbide-loturen definizioarekin amaituko da, bidaiarientzat, Donostiatik Behobiara, eta salgaientzat, Pasaiako Portutik/Lezotik mugara, Europako zabalera estandarrean; era berean, hegoaldeko trenbidea gaituko da Bilboko portu berriraino». Horrez gain, Oregik «Sustapen Ministerioarekin dituen lankidetza-esparruak» gailendu ditu, «hiriburuek abiadura handiko trenera irismen zuzena izan dezatela errazteko».

Donostialdeako Burnibide sarea

Donostialdeako topoa/metroa eguneratu beharra ere azpimarratu du Oregik, administrazio-prozeduren hitzarmenaren eta betetze zorrotzaren barnean. «Gipuzkoako hiriburuaren eta haren hinterland (Bidasoa, Oarsoaldea/Lasarte Oria) delakoaren mugikortasunean bitarteko garrantzitsua izango den horren ezaugarriak dagozkien administrazioekin —kasu honetan, Donostiako Udala— buru-belarri eztabaidatzeko eta diseinatzeko balio behar digute gaur egun bizi ditugun ekonomia-bitartekoen murrizketek: finantzaketa, legezko baldintzak betetzea eta etorkizunera begira ikusmen handia duen proiektu baten diseinu egokia».

Oregik adierazi duen moduan, Bilboko metroko 3. lineak aurrera jarraitzen du; aldi berean, bere sailak txartel bakarraren garapenean lan egiten jarraitzen du beste erakunde batzuekin, haren jarduketaren ildo nagusietako bat. Aireportuei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aireportuen, Biarritzeko aireportuaren eta inguruko aireportuen arteko osagarritasuna sustatzearen alde agertu da, betiere kudeaketa egoki batek gure garraioaren sektore honi eraginkortasuna itzuliko liokeela eta horien etorkizuna bermatuko lukeela gogoratuz.

«Ditugun baliabideak behar bezala administratzeko eta horien arabera jarduteko garaia da, garapenaren eta ongizatearen lehengo mailak berreskuratu arte. Hemendik gure garapena behar bezala kudeatzen badugu, hura Europako herrialde eta eskualde aurreratuenen antzekoa izan daitekeela erakutsi du gure autogobernuak. Gobernu autonomiko berritik jarraituko dugun lurralde-estrategiak herrialdearen garapena sustatuko du», amaitu du sailburuak.