Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2012/05/23

Altzairu lantegien etorkizunaren alde egitea eskatu dio EAJk Eusko Jaurlaritzari

“Euskadik gaitasun handiak ditu altzairugintza lehiakorra izan dadin, eta gaitasun horiek ondo baliatu behar ditugu krisialdi honetatik irteteko asmoz“, azpimarratu du Alex Etxeberria legebiltzarkideak. “Baina, hori lortzeko, ezinbestekoa da erakundeak -eta Eusko Jaurlaritza bereziki- etorkizun honetan inplikatzea”.

rss Ezagutzera eman
Altzairu lantegien etorkizunaren alde egitea eskatu dio EAJk Eusko Jaurlaritzari

ARGAZKIA JAITSI

Bihar egingo den Osoko Bilkuran eztabaidatuko da Euzko Alderdi Jeltzaleak aurkeztutako galderaren ondorioz aurkeztu den Mozioa. Bertan, Jaurlaritzari eskatzen zaio “euskal altzairugintzaren etorkizunean esku hartzea, enpresen modernizazioa eta jasangarritasuna bultzatuta, gure altzairu produktuak nazioarteko merkatuan kokatzen lagunduz, eta lanpostuak mantentzearen alde eginez, euskal lantegiek produzitzeko duten gaitasunak gorenera erabilita”; halaber, ekimen honen bidez, Exekutiboari eskatzen zaio “altzairugintzarako euskal sektorerako plana egitea, bertan etorkizunerako proposamenak planteatuz”.

Alex Etxeberria legebiltzarkide jeltzaleak azpimarratu duenez, “Euskadi krisi hau  Espainia baino hobetuxeago jasaten ari den arren, egiaztatuta geratu da Euskadiko altzairu lantegiek une larriak bizi dituztela, krisialdi ekonomikoak beherakada handia jaso baitu altzairu merkatuan”. Honi guztiari gehitu behar zaio, gaur egun, euskal altzairu lantegietako erabaki guneak gure herrialdetik kanpo dagoela gaineratu du. “Honek arrisku larrian jartzen du gure altzairu lantegien etorkizuna”, iragarri du.  

“Euskadiren egoera hobea, laurogeigarren hamarkadan enpresak eta euskal ekonomia osoa modernizatzeko egin zen apustuagatik“ datorrela gogoratu ostean, deitoratu du Patxi Lopezek zuzentzen duen oraingo Exekutiboak ez duela lidergo eta ekimenik, egungo egoerari aurre egiteko. Zentzu horretan azpimarratu duenez, “aurreko Gobernuen zuzendaritzapean egin zen apustu hura arrakastatsua izan da, eta gure herrialdeetako kultura industrialean oinarria hartuta, orain dugun egitura ekonomikoa osatzea ekarri du”. “Dibertsifikazioaren, sektore tradizionalen modernizazioaren, enpresen nazioartetzearen eta industria eta ehun ekonomikoaren lehiakortasunari bultzada emateko apustuak funtsezkoak izan dira prozesu honetan”, esan du, “eta hori da une hauetan behar duguna, eta oraingo gobernu taldearen aldetik faltan botatzen duguna”.

Euskal altzairugintza industriaren inguruan azaldu duenez, “duela gutxi, Bergarako Labe Garaietako langileek lantegiaren etorkizunaren inguruan duten kezka adierazi digute; duela hilabete batzuk, Galardo taldea izan zen Azpeitian langileak kaleratu zituena; Nervaceron, soldatak murrizteko eta 55 langile kaleratzeko arriskuan dago; eta orain, arazoa Arregi Xafla lantegian kokatzen da, ixteko mehatxu azpian baitago”. “Horiek dira sektoreak bizi duen egoera larriaren adibide batzuk”, gaineratu du.

Testuinguru horretan, legebiltzarkide jeltzaleak “euskal altzairugintza sektorearen etorkizuna bermatzeko lan ildo ezberdinak garatzearen“ aldeko apustua adierazi du. Eta azaldu du lan ildo horiek nola gauza daitezkeen: “euskal altzairu lantegien arteko klusterra bultzatuta, Euskadin kokatutako altzairu multinazionalek bertako jarduera manten dezaten, Euskadiko Autonomi Erkidegoak herrialde erakargarri izaten jarrai dezan, edo altzairua produzitzeko sektorea tokian tokiko kapitalentzako erakargarri izan dadin.

“Euskadik hainbat gaitasun ditu altzairugintza lehiakorra izan dadin, eta gaitasun horiek ondo baliatu behar dira krisialdi honetatik irten gaitezen”, amaitu du, “baina hori lortzeko, ezinbesteko dugu erakundeak- eta Eusko Jaurlaritza bereziki- sektorearen etorkizunean inplikatzea”.