Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2006/12/26

JOSEBA EGIBAR: “HERRITARREI EGIA KONTATU BEHAR ZAIE”

rss Ezagutzera eman
Joseba Egibar, EAJko bozeramaleak, nahitaezko ikusten du, dena aireratu ez arren, herritarrei kontatzen zaiena egia izatea. Alderdi politiko guztiek egia esan behar dutela uste du Egibarrek, “bai behintzat, gatazka politikoaren konponbidearen gainean bakoitzak duen iritziaren inguruan”. Zentzu honetan, ezker abertzaleak ere egia merezi duela ohartarazi du. “Gobernu espainolak autodeterminazio eta lurraldetasun gaietan definizio argia ez badu egiten borroka armatua behin betikoa ez dela izango adierazteak, iruzur egiteaz gain, herritarrei baldintzatu nahi izatea da”, gaineratu du EAJ-PNV Legebiltzar Taldearen bozeramaileak. “Ezin liteke baldintzarik jarri bakoitzaren estrategiaren ikuspuntutik. Borroka armatuaren estrategiak –jada agortuta- ezin du Herriaren gehiengoaren iritzia baldintzatu”, amaitu du.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Joseba Egibarrek adierazi du, litekeena dela datozen Udal eta Foru hauteskundeetan ezker abertzaleak parte hartzerik ez izatea. “Legediaren galbahea gaindituko duelaren ziurtasunik ez badu, nekez aurkeztuko du ezker abertzaleak deitura edo izendura berririk”, gaineratu du. Ildo honetatik, Zapateroren gobernuak berme horiek eskaini litzakeen berririk ez duela erantsi du Egibarrek. Dena dela, “tarte horretan, denbora nahikoa irabazi du gobernu espainolak, eta, bakea-presoak eskema finkatu egin du, ETAri atsegin ez zaion eskema, hain zuzen”, azpimarratu du. Horregatik, Joseba Egibarren iritziz, nahitaezkoa da argibide eta azalpenak ematea, “zeinek zertara jolasten duen, ze denboratan eta ze epetan”, amaitu du.

GBBko presidenteak uste du, datozen hauteskundeetara aurkezteko aukera izatea ez dela uneotan ezker abertzaleak buruan duen premiazko gaia, baina, azkenean, aurkezterik ez badu, “anormaltasun politikoaren zantzua” litzatekeela iritzio dio Egibarrek.

“Egibarrek akordioa Batasunarekin nahiago duela eta Imazek, aldiz, PSOErekin” galderari erantzunez, bestalde, horrelakoak “sinplifikazio hutsa” direla aitortu du buruzagi jeltzaleak. Gainera, zehaztu du, “ibilbide politiko historikoak baieztapen hau berresten du”. 79-80 urteetan autogobernuaren oinarriak sendotu zirela ekarri du gogora Egibarrek. “Hortxe, hain zuzen, PNV eta ezker abertzalearen arteko talka politikoa eman zen. 1998.urtea, berriz, inflexio puntua izan zen, proiektu politikoen argitzea ekarri zuen urtea”, azaldu du. “Uneotan ezin dira Euskal Herriaren aitortza eta autodeterminazio eskubidearen zumeak zokoratu, euskal herritarren gehiengoak babesten baititu, abertzaletasunaren mugetatik haratago”, ñabartu du. Era berean, politika munduan, hauteskundeen kalkuluetara soilik mugatzen den oro eta oinarri horietatik irtetzen denak, horma joko duela erreparatu du EAJko bozeramaleak. “Herri honen gehiengoa zure estrategiara moldatu nahi izatea baino pentsamendu okerragorik ez dago. Bidea markatu eta erakutsi behar duzu”, ohartarazi du Joseba Egibarrek. Hori da, hain zuzen, EAJk azken 25 urteetan egin duena, une eta proposamen ezberdinekin. “Nik uste, 1998-2000-2001eko proposamenek, Lehendakariarekin eta Proiektu Politikoa behin onartuta, bidea markatu dutela, eta, bide hori, halabeharrez, bai Imazek bai Egibarrek eta baita EAJko edozeinek ere, jarraitu beharko dute aurrerantzean”, argitu du. Horren guztiaren garapena beharrizan propioaren eraginez atzeratzea akatsa litzatekeela iritzi dio Egibarrek. Akatsa litzateke, era berean, ETAk, esaterako, erritmoak mantsotzea erabakiko balu eta aldarrikapen horien garapena euskal herritarren gehiengoaren gainetik ezarriko balitu.

Prozesuari dagokionez, bestalde, atzeraezina dela adierazi du. “Hori da gure gogo eta helburua”, gehitu du. ETAk borroka armatuari berriro ekitea erabakiko balu akatsa litzatekeela nabarmendu du. “Bada, Estatutuaren zikloa amaituta dagoen moduan, epe hori agortuta baitago”, erantsi du. EAJ-PNV Legebiltzar Taldearen bozeramailearen hitzetan, “erakunde armatuak hitza eman beharko lioke euskal gizarteari, herri- aitortza eta bere erabakitzeko eskubidea aldarrika dezan, behingoz”.

Hauteskunde aurretik Alderdien Mahaiaren gaineko aurre-akordiorik lortzea zaila ikusten du EAJko bozeramaleak.