Prentsa Aretoa
2020/12/21
EAJ-PNVk aurrekontuak adosteko borondatearekin negoziatzeko deia egin dio oposizioari, "Elkarguneak eta hobetzeko tartea daudelako"
Itxaso Berrojalbiz legebiltzarkide jeltzalearen ustez, Eusko Jaurlaritzaren proiektuak susperraldi ekonomikoa eta enplegua sustatuko ditu eta politika publiko guztiak indartuko ditu. "Atzerapausorik eta murrizketarik gabe, inbertsio eta gastu gehiagorekin baizik. Aurrekontu ausartak dira bizitzea egokitzen zaigun unerako"
Aurrekontuak negoziatzeko esparrua irekita dago, eta gaur Eusko Jaurlaritzako sailburuak sail bakoitzaren kontu publikoak zehazten hasi dira Legebiltzarreko batzordean. EAJ-PNVren ustez, Pedro Azpiazu sailburuak gaur Legebiltzarrean defendatu duen Aurrekontuen Lege proiektua "ona eta ausarta" da oso urte zailari aurre egiteko, eta, tamalez, Covid-19ak eta horren ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialek markatuta jarraituko dute. Hori dela eta, Covid programa sartu da berriro, 542 milioikoa. "Egoera zaila izanda ere, Ekonomia eta Ogasun sailak aurrekontu ausartak eta hedakorrak aurkeztu ditu, osasunean, hezkuntzan eta babes sozialean murrizketarik egin gabe. Politika sozialen aldeko apustua eginez eta inbertsio eta gastu gehiagorekin indartuz", adierazi du Itxaso Berrojalbiz jeltzaleak. Pandemiaren egungo garairako tresna ona izateaz gain, aurrekontuek iraganeko erronkei eta aurkeztuko zaizkigun berriei arrakastaz aurre egiteko aukera emango digutela adierazi du. "Zenbait erronka, hala nola eraldaketa energetiko-ekologikoa, eraldaketa digitala eta ekintzailetza edo I+G. Kapitulu horiek guztiek hazkunde handia izan dute beren partidetan, eta Gobernu honek horien aldeko apustu sendoa egiten duela adierazten dute".
Konparaziozko ariketa eginez, Berrojalbizek Iñigo Urkullu lehendakariaren agindupean onartu diren aurrekontuak errepasatu ditu, eta ondorioztatu du 2013ko lehen urteetatik gaur egungoetara kontuek %33ko igoera izan dutela (3.126 milioi gehiago). "2013an 9.316 milioi euro izatetik datorren urterako 12.442 milioi euro izatera pasa gara. Gaur indarrean ditugun aurrekontuei dagokienez, ia %6ko hazkundea izan dute, 668 milioi gehiago". EAJ-PNVko ordezkariak sailak zorpetzearekin izandako diru-bilketaren galera konpentsatzeko egindako ahalegina baloratu du, irailean Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan itxitako akordioari esker handitu baita. Zorpetze handiago hori, Gobernu honen kudeaketa serio eta zorrotzagatik posible dena, Foru Aldundien ekarpenekin batera, proiektuan jasotzen dena gauzatu ahal izateko diru-sarrerak "bermatuko" dituztela adierazi du. "Bultzada eta babes sozialerako neurriak hartu behar ditugu, lege honetan ikusten ditugunak bezalakoak", gaineratu du.
AKORDIORAKO DEIA
Gure herriaren orainerako eta etorkizunerako aurrekontu egokia delako, Berrojalbizek oposizioko taldeei eskatu die kontu horiek negoziatzeko, akordiorako benetako borondatearekin, eta elkar ulertzeko ahalegina egiteko, elkarguneak daudelako eta hobetzeko tartea dagoelako. "Gobernu honek aurrekontu ausarta eskaintzen du, oso egoera zailean. Aurrekontu oso soziala da, eta, ziur aski, Ganbera ia osoak negoziatu ondoren parteka dezake. Eusko Abertzaleak taldeak negoziazio honi borondatearekin eta herri honek behar duena gogoan hartuta aurre egitera animatzen zaituztegu. Badago zer hobetu. Aurrekontu onak ditugu, baina guztion artean are hobeak egin ditzakegu". Lehendakariak eta Azpiazu sailburuak adierazi dute badagoela negoziaziorako tartea, eta beharrezko urratsak emango dituztela elkarrizketarako eta elkar ulertzeko agertoki hori errazteko. Horregatik, ardura politikoz jokatzeko eskatu die taldeei, "Gure esku baitago egonkortasun politikoa, ziurtasuna eta lasaitasuna ematea. Egonkortasun politikoa, jendeari lasaitasuna emateko balio gisa. Epe ertain eta luzerako inbertsioak errazteko ziurtasuna. Eta lasaitasuna errealitatearen diagnostikoa soseguz egitearen zentzuan, bizi dugun egoeraz jabetuz-".
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15