Prentsa Aretoa

2020/11/26

Genero indarkeriaren aurkako maskara moreak

EAJ-PNVko legebiltzarkideak maskara moreekin joan dira osoko bilkurara, indarkeriaren biktima diren emakume guztien konpromisoaren, borrokaren eta babesaren sinbolo gisa. "Gure txertoa gizarte osoak emakumeak eta gizonak berdinak garela onartzea izango da. Horren alde lanean jarraituko dugu"

rss Ezagutzera eman
Genero indarkeriaren aurkako maskara moreak

ARGAZKIA JAITSI

Atzo Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna zela eta, EAJ-PNVren talde parlamentarioak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin duen konpromiso irmoa sinbolizatu nahi izan du maskara moreak jantziz gaurko osoko bilkuran. Horrela, jeltzaleek babes mezua helarazi diete indarkeria matxistaren biktima diren emakume guztiei, bereziki orain, Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioz egoera larriagotu denean. "Esan nahi diegu ez daudela bakarrik, atzean gizarte bat eta erakunde batzuk dituztela, eta horiek laguntzen dietela eta egunero lan egiten dutela desberdintasun horrekin amaitzeko. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria berdintasunik eza oinarri duen egiturazko arazo bat da". Ildo horretan, euskal erakundeek zuzentzen duten lana emakumeek dituzten eskubideak bermatzera bideratuta dagoela gogorarazi dute: kalitatezko zerbitzuak, erasotzaileekiko babesa, ostatu-baliabideak, aholkularitza juridikoa eta laguntza, besteak beste. Esan dutenez, garrantzitsuena emakumea uneoro babestuta eta lagunduta sentitzea da. "Eraso bat salatzeko pausoa ematen dutenean, entzun eta lagundu egingo dituztela jakin behar dute. Badakigu erabaki zaila dela tunelaren amaieran irteerarik ikusten ez duten emakume askorentzat. Badakigu prozesu mingarria dela, baina ematen dutenean, lagunduta sentituko dira. Ez dira inoiz bakarrik egongo. Orain ere ez, genero-indarkeriaren biktima diren emakume askok bizi duten salbuespen-egoeraren ondorioz, erasotzaileekin denbora eta espazio gehiago partekatu behar duten honetan. Egitura irmo eta sendoa dugu, behar duten erantzuna emateko".

Era berean, isildutako jazarpen egoera horiek azaleratzeko "adi egotea eta laguntza ematea" eskatu die herritarrei jeltzaleek: kasu ezagunak izan, zein susmo kasuetan. "Gizarte gisa eman dezakegun laguntza ezinbestekoa izan daiteke kasu hauetan. Genero-indarkeria intimitatean gertatzen da askotan, baina ezin da hor geratu. Gure betebeharra da salatzea eta emakume horiei laguntzea, bai eta emakumearen aurka jokatzen duten estereotipo sozial guztiak eraistea ere. Ezin dugu beste alde batera begiratu".

Azken hamarkadetan berdintasunaren arloan egindako aurrerapenak aintzat hartuta, EAJ-PNVk "bidea egiteko" dagoela eta elkarrekin ibiltzera animatzen ditu guztiak. "Maskarak ezin gaitu indarkeria matxistaren pandemia handi honetatik babestu. Indarkeriak lekurik ez duen berdintasunezko gizarte batean bizi garenean iritsiko da gure txertoa. Emakumeen berdintasuna eta eskubideak defendatzea guztioi eskatzen digun konpromiso etikoa da".