Prentsa Aretoa

2020/09/05

Urkulluk karguaren zina egin du Gernikako Arbolaren azpian

Lehendakariak José Antonio Aguirre Lehendakariaren zinaren bertsio eguneratua erabili du Covid-19aren pandemiak ezarritako muga zorrotzen mende egin den ekitaldi hunkigarrian

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean,
eusko-lur gainean zutik
eta Gernikako haritzaren azpian,
asaben gomutaz,
herri-ordezkari zareten zuen aurrean,
nire agintea zintzo beteko dudala zin dagit”.

Iñigo Urkulluk Gernikako Arbolaren azpian egin du Lehendakari karguaren zina, Eusko Jaurlaritzaren lehen Lehendakari izan zen José Antonio Aguirre eta Lekube jeltzaleak 1936ko urriaren 7an erabili zuen formularen bertsio eguneratua erabiliz. Zina Eusko Legebiltzarreko kideak aurrean izan dituela egin du, Gernikako Batzar Etxean batu direlarik ekitaldi handi eta hunkigarriaren lekukotasuna emateko. Bertan ere izan dira Euskadiko erakundeen hainbat ordezkari, besteak beste Bakartxo Tejeria Eusko legebiltzarreko presidentea, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea; María Chivite Nafarroako presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Bizkaiko (Unai Rementeria), Arabako (Ramiro González) eta Gipuzkoako (Markel Olano) Ahaldun Nagusiak. Andoni Ortuzar Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVren ordezkari gisa izan da Covid-19aren pandemiak baldintzatuta egin behar izan zen ekitaldian.

11:15ean heldu da Gernikako Batzar Etxera Lehendakari hautetsia, Eusko Jaurlaritzako agintari goren gisa identifikatzen duen Makila eskuan zuela. Foru egoitzara iritsi denean, Urkulluk Legebiltzarreko eta Batzar Nagusietako presidente andreak agurtu ditu, bai eta Eusko Legebiltzarreko kideak ere. Karilloian 12 kanpai-hotsak eta `Gernikako Arbola´ jo ondoren, jarraigoa osoko bilkuren aretora joan da non osoko bilkura hasi den. Mahaiko idazkari Iñigo Iturrate jeltzaleak Iñigo Urkullu Lehendakari izendatzen duen dekretua irakurri du eta, jarraian, Urkullu kanpo aldera irten da txistulariek martxa bat jo bitartean.

Karguaren zina Gernikako Arbolaren azpian egin du. Eusko Legebiltzarreko kargudunak beren karguaz jabetzeko erabiltzen duten Autonomia Estatutuaren edizioa erabili du Lehendakariak. Halaber, Juan Ruíz Anguiz eskribauak 1600ko azaroaren 4an egin zuen `Bizkaiko Jaurerriaren Foru Zaharraren´ kopia bat erabili da.

Zin egite ekitaldia egindakoan, Ertzaintzaren Bandako boskoteak Euskadiko himno ofiziala interpretatu du: ‘Euzko-Abendaren Ereserkia’. Jarraian, Lehendakariari ohorezko aurreskua egin zaio, Bilboko Udaleko dantzari bikoteak dantzatua. Aurreskua amaituta, ekitaldiko protagonistak Batzar Etxera itzuli dira eta Tejeriak makila eman dio Urkulluri, Eusko Legebiltzarraren berrespenaren sinbolo gisa. Hau egindakoan, Eusko Legebiltzarreko presidente andreak aldarrikatu du Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria bere karguaz jabetu dela eta bilkura bukatu du, zin egite eta karguaz jabetzeko ekitaldi solemnea amaitutzat emanez. Une honetan, kanpo aldetik, Ertzaintzarren Musika Bandako boskoteak `Agur Jaunak´ abestia jo du eta Urkullu Haritz Zaharraren esparrurantz abiatu da.