Prentsa Aretoa

2020/05/18

COVID-19aren denboretan Eusko Jaurlaritzak kontziliazioari eman nahi dion bultzada txalotu du EAJ-PNVk, baina aitortu du egiturazko aldaketak egin beharko direla

Alaiz Zabala legebiltzarkideak “erantzukidetasuna” eskatu du denon artean desberdintasun egoerei aurre egiteko eta gizartearen ongizate maila hobetzeko: “Kontziliazioari hainbat ikuspuntutatik heldu behar zaio. Erakundeek familiei lagundu behar diete, baina baita enpresei, gizarteari eta gizonei ere”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

COVID-19a agertu izanak aldaketak ekarri ditu gizartearen eguneroko bizimoduan, lan esparruan eta familien baitan askotariko ondorioak dakartzatenak. Kontziliazioak planteatzen duen erronkari erantzuteak,  Alaitz Zabala legebiltzarkide jeltzalearen aburuz, erakundeen, enpresen eta gizartearen inplikazioa eskatuko  digu, eta zentzu horretan txalotu ditu Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitu behar duten eta aldi berean adingabeak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen jarraitu behar duten pertsonei laguntzeko abian jarri dituzten neurriak. “Birusa gure bizitzetara iritsi zenetik, Eusko Jaurlaritza eskura dituen tresna guztiekin erantzuten ari da familiei lana eta familia bizitza kontziliatzen laguntzeko. Kontziliazioan inbertitzea errentagarria eta onuragarria da gizartearentzat. Egin da, egiten da eta egingo da pertsonak gure lehentasuna direlako”.

Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean gaur egin den eztabaidan, Zabalak ohartarazi du kontziliazioa lortzea ez dela Jaurlaritzaren ataza “esklusiboa” eta, beraz,  hainbat alderditatik heldu behar zaio. Exekutiboa, bere hitzetan, familiei laguntzen ari da errealitate berri honetara moldatzen laguntza ildo berriak onartuaz edo lehenagotik daudenak moldatuaz. Hala, gogoratu egin du helburu honetara bideratutako partida ekonomikoa bikoiztu egin dela (beste 15 milioi jarri dira eskuragarri)  eta laguntzak jasotzeko baldintzak malgutu egin dira beharrizan berriei erantzun ahal izateko. Baina Jaurlaritza ezin da bakarrik utzi erantzukizun honetan, esan du. Gainerako erakundeen parte hartzerik gabe, enpresek eta gizarteak  parte hartu gabe, aurrerapena oso geldoa izango da “denok dagokigun erantzukizun zatia geureganatu behar dugulako”. Enpresak beren lan moldeak egokituaz, gizartea kontzientzia hartuaz eta gizonak beren seme eta alaben eta  adineko pertsonen zaintzan inplikatuaz. “Kontziliazioak hainbat alderdi ditu eta  hainbat ikuspuntutatik heldu beharra zaio: erakundeen  zeregina, enpresena, kontzientziazio soziala, kontziliazioarekin hitzemanda dauden gizonak…. Gai hau denoi dagokigu eta denok onartu behar dugu konpromisoa. Aldaketa hasten da pertsona bakoitzaren portaeran. Kontzeptu bi horiek, kontziliazioa eta erantzukidetasuna batuz, arinago joan ahal izango gara”.

EAJ-PNVko ordezkariak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio kontziliazioaren inguruan agertuko diren beharrizanen berrien aurrean, adi egon dadila gaur egun indarrean dauden neurriak moldatzen joateko. “Jakin dakigu orain arte onartutako neurriak  agian ez direla nahiko izango, eta horregatik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu gaur Bizi Berri planean jaso duenaren ildo beretik, neurri horiek moldatzen jakin dezala eta gauetik goizera sor daitezkeen errealitateei erantzuten jakin dezala. Une honetan bizi duguna moduko prozesu bizian ezinbestekoa da gizartearen beharretara etengabe moldatzen jakitea”.

EH BILDUK MANIPULATU EGITEN DU

Diputazio Iraunkorraren baitan gaur egin den eztabaida EH Bilduren ekimenez egin da. Ganberaren gehiengo batek onartu ez duen Legez besteko Proposamena aurkezteko planteatu  zen,hain zuzen. Errealitatearekin bat ez datorren proposamena izan da, faltsutasunez betea, Alaitz Zabalak berak salatu duen bezala. Proposamena defendatzerako orduan, nabarmendu du Zabalak, EH Bilduk ez ditu kontuan hartu   orain arte onartutako eta Bizi Berri planean jasotako neurriak eta, ildo beretik, Exekutibo honek dagoeneko martxan dituen laguntzak eskatu ditu. “Lehendakariak talde politiko guztiei Bizi Berri planaren berri eman zien maiatzaren 8an, eta EH Bilduk proposamen hau aurkeztu zuen maiatzaren 11n ; beraz, ezin digute esan neurri horiek ezagutzen ez zituztela. Baina, zuek ekimen hau lehendik idatzita zeneukaten eta bost axola dizue planaren edukiak, behar bada, plan honek jasotzen zuelako gaur Jaurlaritzari eskatu diozuen berbera. Baina horrek ez dauka garrantzirik, ezta?”. Zabalak “lankidetza eta kooperazioa” eskatu die alderdi guztiei , denon artean Euskadi berri bat eraiki ahal izateko: “Sen onez jokatzea da gure erantzukizuna eta gure derrigorra. Lankidetza eta erantzukidetasuna ezinbestekoak izango dira”, amaitu du.