Prentsa Aretoa

2020/05/15

EAJ-PNVk gizarte babeserako euskal sistemak pandemiak eragindako beharrei erantzuteko duen gaitasuna aitortu du

Alaitz Zabala legebiltzarkide jeltzalearen esanetan, gure ereduak errealitate berri horretara "egokitzen jakingo du", eta erakundeek "erantzukizunetik eta elkarlanetik" lan egingo dute inor atzean gera ez dadin

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Alaitz Zabala EAJ-PNVko legebiltzarkidearen esanetan, Euskadik eta bere erakundeek beharrezko tresnak dituzte COVID-19ren ondoriozko krisiak epe labur eta ertainean sortuko dituen beharrei erantzun "solidario eta justua" emateko. Gure gizarte-babeserako sistema, esan duenez, bazterkeria- edo pobrezia-egoeran egon daitezkeen pertsona guztiengana iristeko bermea da. "Herri gisa, inoiz izan dugun erronka garrantzitsu, ustekabeko eta gogorrenetako bati egin behar diogu aurre. Euskal erakundeok modu bateratu, koordinatu eta arduratsuan erantzun behar diogu erronka honi erantzunkidetasunez aurre egiteko. Tresnak ditugu: gizarte babeserako sistema sendo bat, egoera ahulean dauden pertsona guztiengana iristeko egokitzen jakingo duena ".

Diputazio Iraunkorrean, gizarte prestazioekin lotutako ekimena eztabaidatu denean, Zabalak "lankidetza eta erantzukizuna" eskatu die erakunde eta alderdiei, laguntzen eredua birdefinitu eta eguneratzeko, horrela, egungo osasun krisiaren ondorioak pairatzen ari diren edo jasango dituzten pertsona guztiei erantzun bat ziurtatu ahal izateko. "Euskal erakundeek hamarkadak daramatzate desberdintasunen aurka lanean. Orain, krisi honek uzten digun egoera konplexuarekin, elkarlan hori ezinbestekoa da. Ziur nago herri honek, bere erakundeek eta bere herritarrek elkartasunezko erantzuna ematen jarraituko dutela, pobrezia, marjinaltasuna edo bazterketa jasaten dutenei babesa emanez. Erantzun hori, beraz, guztion ardura da ". Alde horretatik, krisi honetatik ikasteak duen garrantzia azpimarratu du, gure sistema indartzeko, eguneratzeko eta sortutako errealitate berrietara egokitzeko. Egindakoa aztertzea, funtzionatu ez duena berrikustea eta zuzentzea erabakigarria izango da, "beti egin dezakegulako eta gehiago egin behar dugulako".

Legebiltzarkideak babestu egin du Eusko Jaurlaritza kolektibo ahulenak artatzeko ematen ari den arintze-erantzuna, berehalako neurriekin eta urte honetan zehar hedatuko diren eta atzeraeraginezko eragina izango duten plan eta laguntzekin. Dagoeneko martxan dauden ekimenen artean, Zabalak honako hauek nabarmendu ditu: gizarte larrialdietarako laguntzak 16 milioitan handitzea; 10 milioiko larrialdi funts bat sortzea, arrisku, bazterketa edo pobrezia egoeran dauden 10.000 laguni baino gehiagori mesede egingo diena; eta familia kontziliaziorako laguntzetan 15 milioiko laguntza ematea. Hala ere, "autokonplazentzian edo konformismoan" ez erortzeko eskatu du Zabalak, aurretik dugun erronka "herri honek inoiz ezagutu duen ustekabeko eta gogorrenetakoa" delako. EAJ-PNVko ordezkariak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio gehien sufritzen ari denari irtenbide arin eta eraginkor bat ematea ahalbidetuko duten neurri guztiak hartzen jarrai dezala, gizarte babeserako euskal ereduaren etorkizuna ere bermatuz. "Krisi honetatik ere aurrera aterako gara elkarrekin eta inor atzean utzi gabe, gure gizarteak horrela eskatu eta exijitzen digulako, eta guztiok egon behar dugulako egoerak eskatzen duen mailan eta arduraz jokatu behar dugulako".