Prentsa Aretoa

2020/04/24

EAJ-PNVk herritarrak hurbileko merkataritzan erostera animatzen ditu, eta erakundeak sektorea babesten jarraitzera, Covid-19k gehien zigortu duenetako bat

Merkataritzak, ostalaritzak eta turismoak gure hiri eta herrietako bizimoduaren berreskurapenean duten garrantzia azpimarratu du Unai Grajales legebiltzarkideak. "Ahaleginik garrantzitsuena izango da gutako bakoitzak merkataritza arduratsua defendatzea"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Unai Grajales EAJ-PNVko legebiltzarkideak tokiko merkataritza txikiari, txikizkariari zein ostalaritzarekin eta turismoarekin zerikusia dutenei, babes instituzionala eta soziala emateko beharra defendatu du, osasun krisiaren ondorioak gogorren jasango dituen sektoreetako bat baita. Ondorioak enpleguari eta kontsumoaren susperraldiari lotuta egongo direla esan du. "Denbora tartea luzea eta garestia izango da sektorearentzat", ohartarazi du. Hala, Grajalesen ustez, instituzioek egiten duten lanarekin batera, herritarrek mantentzen duten jarrera giltzarria izango da beren jarduera berpiztu eta balizko itxierak saihestu ahal izateko, eta saltoki horietan kontsumitzera animatu du, behin egungo konfinamendu fasea gaindituta. "Erakundeek ahalegin handia egin arren, ez badugu lortzen tokiko merkataritzarekin konpromisoa hartzea, ezer gutxi lortuko dugu. Zortzietan txalotzera eta zaintzen gaituztenen ahalegina aitortzera ateratzen den bezalaxe, gai izan behar dugu gizarteari, eta batez ere gazteei, gure hurbileko merkataritzaren garrantzia transmititzea. Eta ahal dugun bezain laster, gure aitorpena modu aktiboan helarazi behar diegu kanoiaren oinean beren herri eta auzoak artatzeko egon direnei eta daudenei. Ahalegin garrantzitsuena izango da gutako bakoitzak merkataritza arduratsua defendatuz egingo duguna, baita egun hauetan egin duten ahaleginaren eta sakrifizioaren aitortza ere ".

Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren bilkuran egindako agerraldian, ordezkari jeltzaleak esan du sektoreak ere laguntzak beharko dituela koiuntura horrek sortuko dituen ondorioak arintzeko, eta txalotu egin du Eusko Jaurlaritza, sektorea egoera horretatik babesteko egiten ari den lana. Grajalesek nabarmendu du informatzeko, laguntzeko, aholkatzeko eta neurri ekonomikoak hartzeko lan hori sektoreko profesionalekin eta inplikatutako gainerako erakundeekin (foru-aldundiekin eta udalekin) koordinatuta egiten ari direla. Iñigo Urkulluren Exekutiboak "elkarrizketa etengabea eta iraunkorra" du sektoreekin, egungo egoera aztertzeko eta euren lokalak jendearentzat berriro irekitzen dituztenean aurre egingo dioten eszenatokia prestatzeko; eta gainerako erakundeekin batera lanean ari da martxan jar daitezkeen proposamenak koordinatzeko, baliabideak gainjarri eta optimizatuz. "Laguntzak, nagusiki, pertsona autonomoen jarduerari eustera bideratu behar dira, gaur lehendakariak 500 milioi eurora handitu dituen laguntzen ildotik, sektore horietan diharduten langileen lan-kontratuei eustera, prestakuntza duala sustatzera eta herritarrak tokiko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumitzera kontzientziatzera. Horrelako neurriak dira, nire ustez, premiazkoena, eta uste dut horiek direla sektorea kezkatzen duten alderdiak, eta horregatik lagundu ahal zaie ".

Tokiko merkataritza, ostalaritza edo turismoa bultzatzeko 'Bono-Denda' martxan jartzeari dagokionez, Grajalesek azpimarratu du horrelako kanpainak balio handiko dinamizazio-tresna bat direla, eta administrazioek dagoeneko ematen dituzten laguntzen osagarri izango direla. "Instituzioek eta kontsumitzaileek arduraz jokatzen badugu, sektorea egoera gogor honetatik atera ahal izango da". Zentzu horretan, EAJ-PNVko ordezkariak enpresariak eta langileak egiten ari diren "esfortzu izugarria" aitortu nahi izan du, eta ahalegin hori kontsumo solidario eta arduratsua eginez itzuli behar diegu. "Kaleak bete eta hobeak izango gara berriro, merkatariek zein bezeroek gauza asko ikasiko ditugulako".