Prentsa Aretoa

2017/06/19

Iturrate: “Ertzaintzaren belaunaldiarteko erreleboa ezinbestekoa da euskal gizartearen segurtasun-beharrei erantzuteko”

Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du EH Bilduren proposamena, urte amaierarako aurreikusitako Ertzaintzaren 27. promozioa bertan behera uztea eskatzen zuena. Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak bere alderdiaren kontrako botoa azaldu du, erretiroen aurrera egiteagatik eta duela hainbat urtetik ematen ari den zahartzeagatik. “Inork ez du zalantzan jartzen Ertzaintzak erreleboa behar duenik, kalitatezko zerbitzu publiko modernoa eskaini ahal izateko”

rss Ezagutzera eman
Iturrate: “Ertzaintzaren belaunaldiarteko erreleboa ezinbestekoa da euskal gizartearen segurtasun-beharrei erantzuteko”

ARGAZKIA JAITSI

Iñigo Iturrate legebiltzarkideak, EH Bilduk Ertzaintzaren 27. promozioa bertan behera uzteko ekimenean izandako hitzartzean, baieztatu duenez, “gutxik eztabaidatuko dute Ertzaintzaren belaunaldiarteko erreleboa beharrezkoa denik euskal gizartearen beharrei erantzuteko, zerbitzu publikoaren kalitate- eta modernitate-irizpideak aintzat hartuta”. Gaineratu duenez, inork ez du eztabaidatzen langile-kopurua gutxitu eta langileak zahartu egin direnik, besteak beste, espainiar Gobernuak oztopoak jarri dituelako kolektiboaren bajak betetzeko. Iturratek bere alderdiaren aurkako botoa defendatu du, eta ezker abertzaleari egotzi dio ekarritako eztabaidaren helburua dela arrakasta duen polizia-eredua desegitea. “Eredua da giltzarria, ez polizia kopurua. Osoko polizia da gure eredua, formatua, baliabidez ongi hornitua eta errealitate sozialera egokituko den kalitatezko zerbitzua eskaintzeko gaitasuna duena”.

Ordezkari jeltzaleak baieztatu duenez, segurtasun-behar objektiboek gora egin dute azkenaldian. Ez bakarrik bajak eta jubilazioak egon direlako, baita gora egin duelako eta handiagoa delako kalean poliziaren presentzia egoteko eskaria, segurtasuna hobetze aldera. Iturratek gogoratu du erakunde-ordezkariek landaguneko eta gaueko patruila gehiago eskatzen dituztela, hala nola polizia judizial gehiago. “Kontua ez da bakarrik 8.000 poliziara iristea; kontua da gizartearen beraren eta Ertzaintzaren artean desfaserik ez ematea”.

Iturrateren ustez, 8.000 poliziaren kopurua ez da zerbait aldaezina, ezta kapritxoa ere, baizik eta azterketa polizial sakon baten ondorio: Euskadin segurtasuna bermatzea ahalbidetuko duen zifra. “Herri segurua baldin bagara, gure buruari eman diogun polizia-ereduak arrakasta baldin badu eta herritarrek Ertzaintza ondo baloratzen baldin badute, egindako azterketa zuzena den seinale. Ezker abertzaleak dio segurtasuna dagoela eta ez dugula polizia gehiago behar. Horren parekoa litzateke esatea Euskadin elgorririk ez dagoenez, umeek ez dutela bakunarik behar”. Ez da argumentu sendoa, leporatu die.

Iturratek salatu du EH Bilduren ekimenarekin batera, aldi berean, hainbat herritan kartelak agertu direla, gazteei eskatzen dietenak ez daitezela Ertzaintzaren 26. promozioan aurkeztu, Madrilgo Gobernu “iruzurtiaren” eta “Euskadiko elite ekonomikoen” zerbitzura dagoen polizia izateagatik. Halaber, irakur daiteke aurkezten dena “gure etsai izango dela, herriaren etsai. Ekiditea guztion ardura da”.