Prentsa Aretoa

2017/01/09

Egibar: “PPk eta Rajoyk harreman politiko zintzoa nahi baldin badute EAJrekin, Euskadirekiko estrategia politikoa errotik aldatu beharko dute"

EAJ-PNVren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, Joseba Egibarrek, aldeen berdintasunean oinarritutako harremana exijitu dio Rajoyren gobernuari, errespetu demokratikoan, politikoan eta instituzionalean oinarrituko dena.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Joseba Egibarrek, EAJ-PNVren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, Raxoiren Gobernuaren legegintzaldiko bost urteotako blokeo-politika kritikatu du. Urteotan, euskal erakundeen lege eta erabakien aurkako errekurtsoak izan dira Alderdi Popularraren dinamika nagusia.

ETB-1ean egindako elkarrizketa batean, bozeramaile jeltzaleak nabarmendu du Euskaditik abiatutako ekimen guztiei Raxoiren exekutiboak emandako erantzuna ‘ezezko’ borobila izan dela, errekurtsoak aurkezteko dinamikarekin, “bata bestearen atzetik”, blokeo-egoera bat sortuz. Horrela, harreman-eredu hori amaitutzat jo du Egibarrek. “PPk eta Rajoyk harreman politiko zintzoa nahi baldin badute EAJrekin, Euskadirekiko estrategia politikoa errotik aldatu beharko dute”, esan du. Horregatik, aldeen berdintasunean oinarritutako harremana exijitu dio Rajoyren gobernuari, errespetu demokratikoan, politikoan eta instituzionalean oinarrituko dena. 

Javier de Andrés gobernu zentralaren Euskadiko ordezkari berri gisa kargua hartzeaz ere jardun da Egibar. Ordezkari jeltzaleak nabarmendu du EAJ-PNV ez dagoela figura horren alde, eta gogoratu du euskal Ganberak desagertzea eskatu zuela. “Kontua ez da nor izendatzen duten Gobernuaren ordezkari Euskadin. Berdin zaigu Carlos Urquijo edo Javier de Andrés izatea. Gobernu zentralak Euskadin duen ordezkari-figura desagertzea eskatzen dugu”, esan du.

Bukatzeko, Gobernuak izandako ordezkariak aipatu ditu Egibarrek: Marcelino Oreja, Jaime Mayor, Ramón Jáuregui edo Julen Elorriaga, eta adierazi du ordezkaritza hori ez dela gobernu zentralak Euskadin dituen eskumenak koordinatzeko bulego bat. “80. hamarkadatik hona frogatu da ordezkaritza horrek izaera politikoa izan duela, sistematika inkisitoriala izan duena aktak, adierazpenak eta datuak eskuratu eta eskubide urratzailetzat jotzen zituzten erabaki guztiak errekurritzeko. Hori dela eta, ez da izenen konturen bat, baizik eta ordezkaritza horren desagerpena”, amaitu du.