Prentsa Aretoa

2016/04/05

Iturrate: “Eusko Jaurlaritza hauteskunde egitasmoa eta egutegi legegilea betetzen ari da”

Eusko Legebiltzarreko koordinatzaile jeltzaleak aditzera eman du Urkulluren Exekutiboa lan ona egiten ari dela; zentzu berean esan duenez, "lan hori are emankorragoa izan zitekeen oposizioko taldeek lege egitasmoen onarpena atzeratzeko ahaleginetan arituko ez balira".

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren legebiltzarkide eta Eusko Legebiltzarreko talde jeltzaleko koordinatzaile Iñigo Iturratek, Iñigo Urkullu lehendakariaren Jaurlaritza egiten ari den lana aldeztu du. Asteazken honetan lehendakariak berak Eusko Jaurlaritzaren buruzagitzan eman dituen 1000 egunen balorazioa egingo du. Aldi honetan Eusko Legebiltzarrera eraman ditu berak hitzemandako egutegi legegileko 29 lege egitasmoetatik 23. “Pozik gaude Eusko Jaurlaritzak egin duen lanarekin, hauteskunde egitasmoa eta egutegi legegilea betetzen ari delako. Jaurlaritzak 23 lege egitasmo bidali ditu eta gobernu egitasmoan hitzemandako 14 plan estrategiko eta  629 ekimen burutu ditu jadanik”.

Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, ordezkari jeltzaleak salatu du oposizioko legebiltzar taldeek Gasteizeko Ganberan daramaten lan erritmoa. "Agerraldi ugari eta lege egitasmoei zuzenketak aurkezteko epea luzatzeko eskakizun asko egiten dira, eta horrek eragiten du une honetan Legebiltzarrean ditugun egitasmoen onarpena atzeratzea", esan du.

Iturratek era berean aipatu ditu ostegunean bertan Euskal Ganberaren ohiko osoko bilkuran onartuko diren lau legeak: Udal Legea, Menpekotasunen Legea, Administrazio Publikoan klausula sozialei buruzko HELa eta Administrazioko Tasa eta Prezioen Legea; horrez gain ere badago EAEko aurrezki kutxen eta banku fundazioen lege egitasmoari aurkeztutako osoko zuzenketa. Zentzu honetan, jeltzaleen bozeramaileak esan du Udal Legea dela lege egitasmorik garrantzitsuenetakoa "ez soilik oraingo legegintzaldian, baizik eta aurreko legealdi guztiei begiratuta, Euskadiko egituraketa instituzionala osatuko duelako".

Udal Legearen onarpena bete ahalko da EAJ-PNVren eta EH Bilduren artean lortu den akordioari esker. Iturratek berak azaldu duenez, alderdi bien artean dituzte eusko legebiltzarkide diren 75en 42 eta EAEko udaletako alkateen %80. "Lege esparruari dagokionez, oso akordio zabala da eta herri honetako pertsonen borondatea jasotzen du. Akordio zabala da eta PSE-EEk egindako zuzenketen erdiarekin onartu den arren, azkenean alderdi honek erabaki egin du akordioan ez sartzea. Dena dela, akordio ona da eta Euskadiko herritar eta udalerri gehienak ordezkatzen ditu.

Ekonomia Itunaren eta Kupoaren defentsa

Iñigo Iturratek era berean esan du Ciudadanos taldeak Euskal Ekonomia Ituna eta Kupoa berrikusteko asmoa duela eta PSOE eta Ciudadanos taldeen artean espainiar gobernua eratzeko egon daitekeen ituna aipatu du. “Ezinezko egiten zaigu PSOE eta Ciudadanos taldeen arteko akordioan sartzea akordio itxia delako eta euskal autogobernuari ateak jartzen dizkioten gobernu neurriak  jasotzen dituelako. Akordio horrek ez gaitu euskal autogobernuan aurrera egiten utziko, eta hori da, hain zuzen, EAJ-PNVk akordioetara iristeko orduan mahai gainean jarri duen baldintzetako bat".

Euskal Ekonomia Itunari dagokionez, Iturraterentzat "bitxia" da Ciudadanos taldeak euskal ekonomia ituna eta Kupoa berrikusteko duen asmoa orain berriro argitara atera izana, "PSOErekiko negoziaketarako ezkutatu egin zuen bitartean. Ciudadanos taldeak, espainiar Estatuko hainbat alderdi politikori gertatzen zaion bezala, ez du euskal autogobernuan ezta Ekonomia Itunean ere sinesten eta, gainera, ezagutu ere ez dute egiten. Espainiar politikarien aldetik ematen den ezjakintasun hori oso arriskutsua izan daiteke Euskadiren errealitatearentzat. Autogobernuak eta Ekonomia Itunak Euskadik gaur egun dituen ongizate mailari eusten laguntzen dute”.

Azkenik, balizko hauteskunde orokorrez galdetuta, Iturratek esan du espero duela azkenean `sen ona´ espainiar politikaren esparruan nagusitzea eta EAJ-PNVk akordiorako duen jarrera erakutsi du. "Lehen geunden bezala gaude, akordioak adosteko jarrera zabalarekin, baina beste batzuk dira erabakiak hartu behar dituztenak. EAJ-PNVk erakutsi du dena delakoarekin adosteko duen jarrera, euskal hiritargoaren eskubideak aintzat hartzen badira, betiere", amaitu du Iturratek.