Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2005/11/12

JOSEBA EGIBARREK “SEGURTASUNAREN IZENEAN OINARRIZKO ESKUBIDEAK URRATU DIRELA” SALATU DU

“18/98 prozedura judizialean gertatzen dena gertatu, herriak bere epaia dagoeneko eman du. Hori da benetan balio duena” nabarmendu du

rss Ezagutzera eman
Joseba Egibar, EAJ-PNVren bozeramaleak, “segurtasunaren izenean” gizabanakoaren eta gizartearen oinarrizko eskubideak urratu direla salatu du. Sistema demokratikoak ezin dira inolaz ere eratu “eskubide urraketetan oinarritzen diren jazarpenetan”, alderantziz, gaineratu du Joseba Egibarrek, “benetako sistema demokratikoek ezin dute horrelako eskubide urraketarik onartu eta baimendu”.
 
Buruzagi jelkidearen iritziz, “lokarri komunak eskutik hartuta etorri izanaren eraginez” gertatu da egun bizi duguna. “Nazioaren batasunaren ikuspuntutik dela, segurtasun polizialaren edo judizialaren perspektibatik dela, segurtasunaren eta bere aplikazioaren definizioa, Estatuek egiten dute beti” arrazoitu du Joseba Egibarrek. Horrek bultzatuta sortu da arazoa, gehitu du. “Segurtasunaren definizio hori kultura, gizarte eta polítikaren aurrean lehenesten bada, askatasun eskubideak urratu eta errotik mozten dira” azaldu du.
 
Egibarrek Durangon egin ditu adierazpenok, 18/98 + Plataformak antolatutako Eskubide Zibil eta Politikoen alde egindako mahai-inguruan. Etorkizunean Oinarrizko Askatasun eta Eskubideak zutabe dituen “benetako sistema demokratikoak” erabiltzen dituen bidearekin jarraitzearen aldeko apustua egin du. Erronka zaila dela aitortu arren, gatazkaren konponbidea, Estatua oinarrizko printzipio demokratiko bi aitortzen dituen Mahai baten aurrean jartzea dela azpimarratu du Egibarrek, Euskal Herriaren izatea eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea, hain zuzen.
 
EAJ-PNVren bozeramaleak pozez hartu du, “bultzada politikoa” duen epaiketa honi, “sozialki” behintzat, buelta eman izana. “Azaroaren 21ean emango zaio hasiera epaiketari”, gogoratu du, eta, “prozedura judizialean gertatzen dena gertatu, herriak bere epaia dagoeneko eman du. Hori da benetan balio duena” nabarmendu du.