Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2005/08/16

JOSEBA EGIBAR: “HERRI HONEN ETORKIZUNA BALDINTZATZEKO MUTURRA SARTU BEHAR DUELA ARGI DU PSOEK”

“PSOE Katalunia eta Galiziako Gobernuetara heldu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko buru izatea falta zaio. Buru ezin badute izan, behintzat, sukaldean egon nahi dute” gaineratu du

rss Ezagutzera eman
“PSOEren azken eskaintzek Hirukoa haustea dute helburu” salatu du Joseba Egibarrek. Bere iritziz, “herri honen etorkizuna baldintzatzeko muturra sartu nahi dute sozialistek euskal instituzioetan. Zapatero agintera helduz geroztik, PSOE Katalunia eta Galiziako Gobernuetara heldu da. Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko buru izatea bakarrik falta zaio eta, buru ezin badu izan, behintzat, sukaldean egon nahi du” gehitu du.
 
Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, GBBko presidenteak azaldu du, PSOEk plan bi dituela esku artean. Lehena eta nagusiena normalizazio bidean urrats eraginkorrak ematea litzateke eta, horrek porrot egiten badu, EAJ-PNVri eskaintzak egitea. “Herri honetan gauzatu behar diren mahai-politikoak osatzeko pausoak eman beharrean, alderdi sozialista bigarren plana ateratzen ari da badaezpada: PNV gozatu. Horren lekuko dira azkenaldion izandako eskaintzak; hala aurrekontuei babesa emateko eskaintzak nola Arabako herrialdean Foru Aldundian agintea aldatzeko proposamenak. Plan horiek biak erabiltzen ari da PSOE” zehaztu du Joseba Egibarrek.
 
Buruzagi jeltzalearen irudiko, Alderdi Sozialistak zera uste du; “badela garaia EAJ iraganeko bidera buelta dadin, pausoak eman ditzan eta azken legealdian eman dituen urratsak ahaztu ditzan. Badela garaia Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Proiektu Politikoa eta Lehendakaria bera ere bide bazterrean uzteko. Datozen hileak horren lekuko izango dira eta sozialistek Hirukoa hausten ahaleginduko dira” gaineratu du Joseba Egibarrek.
 
“PSOEk beti pentsatu izan du, beraiek tartean egon ezean, Herri honetan normalizazio prozesurik ezin dela bideratu. PSOE tartean ez badago, Herria atzerakoia da” adierazi du GBBko presidenteak. Gatazka politikoaren konponbidearen harira, zume bi ezarri direla argitu du. “Herri bat garela eta Herri honek erabakitzeko gaitasuna duela aitortu behar du Espainiako Estatuak. Herri honek zerbait erabakitzen badu, Estatu horrek bide eman behar dio erabaki hori egi bihur dadin. Gatazka politikoaren muina hor dago”. “PSOEk sustraietan dagoen arazo politiko horri nola eman behar dio irtenbidea?” galde egin du Joseba Egibarrek. “Alderdi Sozialista ez bada gai horietan sartzen, PSOE kea saltzen ari da”
 
EAJ-PNVren Legebiltzar Taldearen bozeramaleak uste du 2007. urtea garrantzitsua izan daitekela. “2007rako ezker abertzaleak berme bat behar du eta urte horretarako Alderdien Legea iragana izan behar du” aurreikusi du.
 
Baina, bitartean, sukaldeko lanak egitea ezinbestekoa dela azaldu du buruzagi abertzaleak. “Momentuan, ez dago formula itxirik. Hanka sartze itzela litzateke alderdi edo persona bakar batek bere formula inposatzea. Metodoak, edukiak eta gainontzekoak aurkitzeko alderdi politikoen artean saiakera egitea beharrezkoa da. Dena dela, besteren batzuk ere pausuak eman beharko dute bide horretan. Zapaterok ilegalizazioaren eztabaida txukun gainditu ahal izateko, ETAk ere berea iragarri beharko du eta, era berean, ezker abertzaleak konpromisoak hartu beharko ditu” azpimarratu du.