Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2005/05/10

EGIBAR: “LEGEBILTZAR TALDE BAKOITZAREN ORDEZKARITZA ERRESPETATU BEHAR DA. OINARRIZKO PRINTZIPIO DEMOKRATIKOA DA”

Legebiltzar Talde bakoitzak egiten duen proposamena errespetatzearen alde agertu da Joseba Egibar eta “betorik ez dela nahi” gaineratu du.

rss Ezagutzera eman
Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren osaketari dagokionez, EAJ-PNVren ikuspegia, hauteskundeen ondorengo beretsua dela azaldu du Joseba Egibarrek. Printzipio demokratikoari jarraiki, jesarlekuak hauteskundeetan jasotako ordezkaritzaren arabera banatzea litzateke logikoena, hau da, handitik txikira. Legebiltzarreko Mahaian bakoitzari dagokion postua bete dadin, Legebiltzar Talde bakoitzaren proposamena errespeta dadila ere eskatu du buruzagi abertzaleak. Horrela, Lehendakaritza EAJ-PNVri legokio; Lehenengo Lehendakari Ordetza PSE-EEri; Bigarren Lehendakari Ordetza PPri; Lehenengo Idazkaritza EHAKri eta Bigarren Idazkaritza EAri. “Hauxe litzateke Gasteizko Ganbararen osaketa ondoen ordezkatzen duen argazkia” azpimarratu du Joseba Egibarrek.

“Ez dugu betorik nahi, eta, handitik txikirako ordezkaritzaren planteamendu guztiz demokratikoa errespetatzen bada, gainontzeko Legebiltzar Taldeek egiten duten proposamenak ere irtengo dira. Gure Herriarentzat horren garrantzizkoa izan litekeen legealdi honi begira, jarrerarik logikoena eta zentzuzkoena dela ulertzen dugu” azaldu du Joseba Egibarrek. “Hori da EAJ-PNVren apustua, eta, inork joko arauak apurtzen baditu, beste batzuek izango dira” gehitu du. Edonola ere, astelehena arte, akordioetara heltzeko denbora nahikoa dagoela uste du GBBko Presidenteak.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren Lehendakaritzarako oposizioaren hautagai alternatiboa balego, kasu horretan, “PP, PSOE eta EHAK Taldeek, interes komunak dituzten azaldu beharko luketela” adierazi du. Orain dela sei urte, gogoratu du Egibarrek, «gure Taldeak Rakel Peñaren alde bozkatu zuen Idazkaritza lekua bete zezan, nahiz eta, Euskal Herritarrokek, Juan Mari Atutxaren aurka bozkatu”. EHAK Taldeak, bere 9 jesarlekuekin, ez duela Legebiltzarreko Mahaian postua bermatuta gehitu du Joseba Egibarrek.

Horregatik, Legebiltzarreko Mahaiaren osaketarena, “printzipio demokratikoen errespetuan oinarritzen den auzia dela” uste du buruzagi abertzaleak. Betoak jartzen dituztenek “gehiengoa duen alderdiaren proposamena zergatik ez duten errespetatzen” azaldu beharko dute.

EAJ-PNVko legebiltzarkideek Eusko Legebiltzarreko Erroldan akreditazioa aurkeztu dutenean egin ditu adierazpenok Joseba Egibarrek.