Prentsa Aretoa

2026/03/20

EAJ-PNVk Osasun ministroari eskatzen dio negozia dezala medikuen greba desblokeatzeko

EAJ-PNVren bozeramaileak, Joseba Díez Antxustegik, Espainiako Gobernuari eskatu dio ez dadila negoziazio-mahaitik altxa akordioa lortu arte, eta iragarri du EAJ-PNVk azalpenak eskatuko dituela Kongresuan

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Osasun ministroari eskatzen dio negozia dezala medikuen greba desblokeatzeko

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak eta EBBko burukideak, Joseba Díez Antxustegik, gaur Osasun ministroari, Mónica Garcíari, eskatu dio “determinazioz” negozia dezala asteak daramatzan medikuen greba desblokeatzeko; izan ere, grebak estatu osoko osasun-sistemetan tentsioa eragiten ari da, baita Osakidetzan ere.

“Beste aste batez jarraitzen dugu medikuen grebarekin. Egoera honek osasun-sistema osoari eragiten dio, eta Osakidetza ere tentsionatzen ari da, itxaron-zerrendak handituz eta pazienteei ematen zaien arreta okertuz”, ohartarazi du EAJ-PNVko bozeramaileak, eta Ministerioari bere erantzukizuna har dezala eskatu dio. “Ministroak negoziatu behar du, eta ez du mahaia utzi behar akordioa lortu arte”, azpimarratu du.

Díez Antxustegik defendatu du, egungo blokeoaren aurrean, EAJ-PNV “arduraz eta proposamenekin” ari dela jokatzen, betiere pazienteak erdigunean jarriz. Ildo horretan, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak beste autonomia-erkidego batzuekin batera bultzatutako ekimena, aldeak hurbiltzea erraztuko duen bitartekaritza independentearen figura sortzeko. “Martínez sailburua berriz ere bere lidergoa erakusten ari da, eta bide baliagarri bat proposatu du; esaterako, bitartekaritza-lan hori egingo lukeen pazienteen plataforma bat, gatazka desblokeatzen laguntzeko”, azaldu du. “Espero dugu Ministerioak proposamena aintzat hartzea”.

Halaber, EAJ-PNVko bozeramaileak iragarri du Kongresuko Euskal Taldeak gai hau ministroari berari helaraziko diola datorren astean. “Azalpenak eskatuko ditugu eta, batez ere, konponbideak. Jokoan dagoena osasun-sistemaren kalitatea eta herritarren arreta dira”, adierazi du.