Prentsa Aretoa
2026/01/14
EAJ-PNVk Oiartzunen aztertu ditu Euskadik 2026ra begira dituen erronkak, kalitatezko enplegua, etxebizitza eta segurtasuna lehentasuntzat hartuta
Eusko Legebiltzarreko talde jeltzaleak egin duen bileran izan da Aitor Esteban, eta bertan nabarmendu duenez “ziurgabetasun eta ezegonkortasun handiz, munduko ordena birdefinitzen ari dela ikusten dugun bitartean, Euskadin martxan dauden erakundeak ditugu, egonkorrak eta konfiantza eragiten dutenak”
EAJ-PNVko legebiltzar taldeak Oiartzunen egin du gaur lan bilera, non Euskadiko egoera politiko eta soziala eta Herri gisa 2026ra begira ditugun erronka nagusiak jorratu baititu. Topaketan, EBBren presidente Aitor Esteban bertan izan dela, talde jeltzaleak fokua jarri du hiritargoaren benetako arduretan, arreta berezia eskainiz enpleguari- bereziki soldata onak bermatu behar dituen gazte enpleguari-, etxebizitzari eta segurtasunari.
Gaurko lan bileran, EAJ-PNVko legebiltzarkideek nabarmendu dute Euskadik egonkortasun instituzional eta politikoa baduela Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak onartu izanari eta Imanol Pradales Lehendakariaren lidergo sendoari esker. Aurrekontuak, izan ere, funtsezko tresna dira izango dira hasi berri den urteak ekarriko dituen erronkei heltzeko orduan.
Bertan batu diren hedabideen aurrean, EBBren presidente Aitor Estebanek aldarrikatu duenez, Euskadin “martxan dauden erakundeak baditugu”, “munduko ordena birdefinitzen” ari den bitartean, non “ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna” nagusi baitira. “Inoiz baino garrantzitsuagoa da jendeari ziurtasunak, egonkortasuna eta ibilbide argia ematea. Ez da kasualitatea erakundeetako lidergoa EAJ-PNVren eskuetan izatea. Horixe da Alderdi gisa Herri honi ematen diogun balio erantsia: hau ez da soilik kudeaketa lan ona, baizik eta baita politika hurbila egiteko modua ere, hurbiltasuna eragiten duena. Fidagarritasuna eta norabide argia, alegia”.
Estebanek ildo beretik azpimarratu duenez “beste alderdi politiko batzuk fronteak ireki nahi dituzten bitartean, gu seinalatu nahian protagonismoa bilatzen dutenean eta hiritarrak adingabeak balira bezala tratatzen dituztenean… Gure lana jendearen ardurak dira, entzun egiten diegu eta konfiantzan oinarrituta, etorkizunerako Herri proiektua eskaintzen diegu. Herri fidagarri bat”.
Legebiltzar taldeko bozeramaile Joseba Díez Antxustegik bere aldetik azpimarratu du gazteentzat kalitatezko enplegua sortu behar dela, eta helburu hau lotu du industriari eman beharreko bultzadarekin. “Soldata onak bermatuko dituen gazte enplegua ez da diskurtsoekin lortzen, industria sendo eta berritzaile batekin lortzen da, lurraldean finkatuta dagoen industriarekin”, adierazi du Díez Antxustegik, eta bide beretik jarraitu duenez “oraindik ere sektore industriala tresnarik onena da gazteei benetako aukerak emateko eta gizarte kohesioa bermatzeko”.
Etxebizitza izan da gaurko lanketaren beste ardatz nagusi bat. Díez Antxustegik aditzera eman duenez “etxebizitza eskuratzea da gaur egun hiritarren ardurarik nagusienetakoa, eta EAJ-PNVren aldetik ekintzen bidez ari gara pausuak ematen”. Zentzu berean gogoratu duenez “Etxebizitza legea onetsi dugu, funtsezko tresna bat gazteei eta klase ertainei erantzun argi bat emateko”.
Legegintza alorrean, EAJ-PNVk urte honetan lehenetsi beharreko helburutzat ezarri ditu Enplegu Legea aldaraztea, administrazio publikora sartzeko orduan eta barne funtzionamenduan euskara blindatzeko; Gardentasun Lege bat bultzatzea, hiritargoaren aldetik erakundeenganako konfiantza finkatzeko eta Euskadiko kalitate demokratikoari buruzko txostenaren lanketa, balio demokratikoak, partehartzea eta Euskadiko sendotasun instituzionala finkatzera begira; besteak beste.
“Beste batzuk haserre eta liskar bizian murgilduta bizi diren bitartean, gu lanean ari gara Euskadiko arazoei irtenbideak emateko. Zentraltasunetik eta jendeari axola dion horretan zentratuta”, laburbildu du Díez Antxustegik.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2026/01/13
Eusko Legebiltzarra
2025/12/31
Eusko Legebiltzarra
2025/12/23
Eusko Legebiltzarra
2025/12/18
Eusko Legebiltzarra
2025/12/16
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/12/31
Eusko Legebiltzarra
2024/12/12
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/10

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS






















