Prentsa Aretoa

2026/01/13

EAJ-PNVk bultzatutako Euskadiko kalitate demokratikoa hobetzeko Ponentzia martxan jarri da Eusko Legebiltzarrean

30 adituk parte hartuko dute agerraldietan eta txostena 2027ko otsailerako prest egongo da

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk bultzatutako Euskadiko kalitate demokratikoa hobetzeko Ponentzia martxan jarri da Eusko Legebiltzarrean

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarrak gaur egin du Euskadiko kalitate demokratikoa hobetzeko Ponentziaren lehen bilera. EAJ-PNVk eta Lehendakari Imanol Pradalesek sustatutako ekimena da, herrialdearen oinarri demokratikoak sendotzea eta erakundeak gizartearen eskaera berrietara egokitzea helburu duena.

Ponentzia Xabier Barandiaran legebiltzarkide jeltzaleak koordinatuko du. Haren esanetan, lanerako gune bat da, “zorroztasunez hausnartzeko, entzuteko eta gure demokrazia indartzeko eta erakundeen eta herritarren arteko harremana hobetzeko adostasun zabalak eraiki nahi dituena”.

Lehen saio honetan, taldeek lanerako esparru orokorra eta edukiaren ardatz nagusiak adostu dituzte. Lau eremu nagusitan egituratuko dira: politika publikoen kudeaketan balio demokratikoak indartzea; iritzi publikoaren eta kultura politikoaren sendotasun demokratikoan sakontzea; erakundeen eta herritarren arteko harremana hobetzea; eta politika publikoen ebaluazio-sistemak indartzea.

Ponentziak lan-eredu ireki eta plural baten arabera jardungo du. Hainbat arlotako adituen 30 adituk parte hartuko dute agerraldietan (10 sesio egongo dira), beste erakunde eta errealitate batzuetako esperientzien azterketa ere egingo da, eta Eusko Legebiltzarrak herritarrentzat antolatuko dituen bi jardunaldi ireki jasoko ditu, eztabaida demokratikoa gizartera hurbiltzeko helburuarekin. Ikerketa bat ere egingo da, EHUrekin hitzarmen baten bitartez.

Ponentziaren lanak urtebeteko epea izango du; denbora horrek aukera emango du eztabaida sakontasunez eta anbizioz lantzeko, momentuko eztabaidez eta egunerokotasunaz aldenduta. Ponentziaren txostena 2027ko otsailaren 28rako egongo da prest. 

Ponentzia honen bidez, EAJ-PNVk berretsi egiten du demokrazia sendoago, parte-hartzaileago eta hurbilago baten aldeko konpromisoa, baita Euskadiren orainari eta etorkizunari eragiten dieten funtsezko eztabaidak gidatuko dituen Legebiltzar baten aldekoa ere.