Prentsa Aretoa
2025/12/23
EAJ-PNVk azpimarratu du aurrekontuek egonkortasuna ematen dutela eta jendeari inporta zaionari erantzuten dietela
Eusko Legebiltzarrak Pradalesen Gobernuaren Kontuei onespena eman die, etxebizitza eta segurtasuna erdigunean jartzen duten kontuei
Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Aurrekontuak onartu ditu gaur, EAJ-PNVren eta PSE-EEren arteko akordioari esker. Kontu horiek egonkortasun politikoa ekarriko diote Euskadiri testuinguru ekonomiko konplexu batean – Estatuan edo Frantzian gertatzen denaren aldean –, eta kaleko kezka nagusiei erantzuten diete: etxebizitza, osasuna eta segurtasuna.
Alaitz Zabala legebiltzarkide jeltzaleak Osoko Bilkuran adierazi duenez, “lehen egunetik defendatu dugu aurrekontu hau ona dela, anbiziotsua dela eta etorkizunari begirako ikuspegia eta misioa dituela”. Horren aurrean, oposizioko taldeei aurpegiratu die zerbitzu publikoak indartzen dituen eta Euskadi etorkizunerako prestatzen duen proiektu bati egindako uko irmoa.
Etxebizitzaren arloan, Aurrekontuak funts publiko-pribatu bat sortzea aurreikusten du, bai eta 2026an 1.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea ere; horrez gain, 7.000 etxebizitza eskuragarri baino gehiago sustatuko dira, horietatik %50 gazteentzat gordeta. Neurri horiei gehitu behar zaie Etxebizitza Arloko Premiazko Neurriei buruzko Legearen azken onarpena; arau horrek gaur onartutako Aurrekontuaren aurkako boto berak jaso zituen.
Onartutako Aurrekontuek Osakidetza ere indartzen dute, 4.276 milioi eurorekin, lehen mailako arreta hobetzeko, profesionalak txertatzeko eta azpiegiturak modernizatzeko; horrez gain, 2032ra arte 1.600 milioi euroko osasun-inbertsioen plan anbiziotsua sendotzen dute. Hezkuntzaren arloan, Aurrekontuak baliabideak handitzen ditu 0-2 ziklotik unibertsitatera arte, Lanbide Heziketa eta EHU indartzen ditu, eta hezkuntza-arloko langileen lan-baldintzak hobetzen ditu. “Hezkuntzan inbertitzea berdintasunean, kohesioan eta etorkizunean inbertitzea da”, defendatu du legebiltzarkide jeltzaleak.
Segurtasunaren arloan, Zabalak Ertzaintza moderno, hurbil eta prestatu baten aldeko apustua azpimarratu du, eta gogorarazi du “bizikidetza eta herritarren segurtasuna edozein gizarte demokratikoren oinarrizko zutabeak” direla. Aurrekontuak, gainera, industria, berrikuntza eta I+G+b-ren aldeko apustua sendotzen dute, Industria Planaren, Euskal Finantza Aliantzaren eta Euskadi Eraldatuz 2030 planaren gisako tresnen bidez, enpresa-sarea eta kalitatezko enplegua indartzeko.
EAJ-PNVk aurrekontuen izapidetze osoan zehar izan duen jarrera arduratsua balioan jarri du. Zabalak gogorarazi du talde jeltzaleak oposizioak aurkeztutako zuzenketa partzialak aztertu dituela, eta proiektua aberastu zezaketenak txertatu dituela, tartean EH Bilduren, PPren eta Sumar-en zuzenketak. “Beste behin ere arduraz jokatu dugu”, adierazi du, eta zenbait planteamenduren zorrotztasun faltaz eta oposizioak Aurrekontuari egindako uko irmoaz damutu da.
“Gaur, Euskadik Aurrekontuak onartzen ditu erakunde sendoak dituelako, akordioaren kultura politikoa duelako eta lehentasunak finkatzen dakien Gobernu bat duelako. Ziurgabetasun testuinguru batean segurtasuna ematen duten Aurrekontuak dira; herritarren benetako beharrei erantzuten dietenak eta gure herria gero eta zorrotzagoa den mundu batean lehiatzeko, berritzeko eta aurrera egiteko prestatzen dutenak”, laburbildu du Alaitz Zabalak.
Nabarmenak...
EBB
2026/01/14
Eusko Legebiltzarra
2026/01/13
Eusko Legebiltzarra
2025/12/31
Eusko Legebiltzarra
2025/12/18
Eusko Legebiltzarra
2025/12/16
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/12/31
Eusko Legebiltzarra
2024/12/12
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/10

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS






















