Alderdi Eguna 2025

Prentsa Aretoa

2025/09/10

Etxebizitzaren Legea izapidetzeko lehen faseak agerian uzten du Euskadin premiazko neurriak bultzatu behar direla

Adituen agerraldien txanda amaitu da eta EAJ-PNVk eta PSE-EEk bultzatutako legegintza-ekimenaren ibilbide parlamentarioak hurrengo etapari ekingo dio

rss Ezagutzera eman
Etxebizitzaren Legea izapidetzeko lehen faseak agerian uzten du Euskadin premiazko neurriak bultzatu behar direla

ARGAZKIA JAITSI

Etxebizitzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea EAJ-PNVk eta PSE-EEk bultzatutako legegintza-ekimena da, eta Eusko Legebiltzarrean izapidetzen jarraitzen du. Lehen fasea amaitzeko, gaiari buruzko hogei aditu baino gehiago agertu dira, eta ondorioa argia da: adostasun handia dago neurriak bultzatzeko eta premiaz egiteko beharra agerian uzten duena.

“Abian jarri dugun ekimenari babes handia ematen zaiola ikusidugu”, azaldu du Jonatan Moreno EAJ-PNVko legebiltzarkideak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agendako batzordeko bozeramaile jeltzaleak. Gainera, asko izan dira Euzko Alderdi Jeltzaleak mahai gainean jarri dituen neurriekin bat datozen adituak.

Lege berriak proiektuak aktibatzea planteatzen du, sustapen berrietan babes ofizialeko etxebizitzen ehunekoa % 75etik % 60ra murriztuz. Horri esker, etxebizitza-parkea handitu ahal izango da eta aukera libre zein babestu gehiago izango dira; izapideak arinduko dira administrazio-epeak laburtuz; etxebizitza sozial gehiago eta eskuragarriagoak eraikiko dira; Euskadin lurzoruaren erreserba estrategiko bat sortuko da eta udalekiko lankidetza sustatuko da.

“Gazteei, klase ertainei eta sektore kalteberei erantzun behar diegu”, azpimarratu du Jonatan Morenok. “Eta aukeratzeko askatasuna errespetatuz egin behar dugu, inor alokairu sozialera behartu gabe, gazte gehienek etxebizitza bat erosi nahi baitute”. 

Legearen tramitazioak aurrera jarraitzen du, eta orain talde politikoek eztabaida bat hasi beharko dute, eta EAJ-PNVk espero du eztabaida hori zorrotza eta serioa izatea, ahalik eta akordio gehien lortzeko.