Prentsa Aretoa

2025/06/04

EAJ-PNVk Euskadin garatutako eredu ekonomiko eta industriala aldarrikatu du, lehiakortasuna eta ongizate soziala uztartzea bermatu duena

Markel Olanok enpresarekin “elkarlana” defendatu du eta Bilduren “esku-hartze obsesioa” gaitzetsi du gaurko Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Euskadin garatutako eredu ekonomiko eta industriala aldarrikatu du, lehiakortasuna eta ongizate soziala uztartzea bermatu duena

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk azken hamarkadetan Euskadin garatutako eredu ekonomiko eta industriala aldarrikatu du gaur, Europan gizarte-ongizate maila handia lortzea ahalbidetu duena, eta oso modu positiboan baloratu ditu lehendakariaren lidergoa eta Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honen lehen urtean bultzatutako politika publikoak. "Gaurkoan euskal eredu industrial eta sozialaren aldarrikapena egin nahi dugu. Aldarrikatzen ez duzuna, galtzeko arriskuan egon daiteke. Eta hori Euskadik ezin du onartu" azaldu du Markel Olanok, EBBko Industria arduradunak, gaur Eusko Legebiltzarrean ekonomiari eta industriari buruz egin den osoko bilkura monografikoan.

Bere hitzaldian, bozeramaile abertzaleak gogorarazi du Euskadi dela munduan desberdintasun maila txikiena duen tokietako bat, eta egoera hori filosofia baten eskutik lortu dela, “aberastasuna sortzeko gaitasunari eustea ahalbidetu duena, betiere ikuspegi sozialari lotuta”.

Jeltzaleen talde-parlamentarioak, PSE-EErekin batera, Legebiltzarreko 25 ebazpen aurkeztu ditu. Horietan, Lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza animatzen ditu Gobernu Plana garatzen jarraitzera, eta Euskadin azken hamarkadetan garatutako eredu ekonomiko eta industriala berrestera datoz.

Ebazpen horietan gogorarazten da, halaber, legegintzaldiaren lehen urte honetan, Jaurlaritzak dagoeneko jarri dituela mahai gainean neurri eta proposamen zehatzak hainbat arlotan, hala nola osasunean, hezkuntzan, etxebizitzan, lankidetza publiko-pribatuan, ekonomian eta industrian, segurtasunean eta enpleguan. Lehendakariak gaur bertan egin duen planteamenduari esker, Euskadik gaitasun energetiko handiagoa izango luke industriaren deskarbonizazioari aurre egiteko.

 

Ereduen arteko aldea: lankidetza interbentzionismoaren aurrean

Markel Olanok gaur goizeko Osoko Bilkuran egin duen hitzaldiak ere EAJ-PNV eta EH Bilduren ereduak oso desberdinak direla agerian uzteko balio izan du. Ezker abertzalearen planteamenduen obsesio interbentzionistaren aurrean, EAJ-PNVk enpresekiko lankidetza defendatzen du. “Gauza bat erregulazioa da, baina oso bestelakoa interbentzionismoa. Neoliberalismo basati baten hedapena geldiarazteko erregulazioan sinesten dugu, baina enpresekin batera lan egin behar dugu, administrazioaren eta sektore pribatuaren artean mesfidantza egoerarik sortu gabe”.

Azkenik, EBBko Industria arduradunak Euskadiren aurrerapena bermatzeko hiru gako ere planteatu ditu: “Elkarlana, kooperazioa eta konfiantza”. EAJ-PNV ere prest agertu da Eusko Legebiltzarreko gainerako alderdi politikoekin batera lan egiteko. “Uste dut gizarteari helarazi behar diogun mezua dela”, nabarmendu du.