Aberri Eguna 2025

Prentsa Aretoa

2025/02/26

EAJ-PNVk Abiadura Handiko Trenaren aldeko apustua egin du, ekonomia eta industria arloetako elementu estrategiko gisa, eta Euskadik mugikortasunean eskumen gehiago har ditzan eskatu du

Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Mugikortasun Plana onartu du, garraio-sistema guztien arteko intermodalitatea, elkarreragingarritasuna eta tarifa-integrazioa lantzearen garrantzia azpimarratzen duen dokumentua.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Abiadura Handiko Trenaren aldeko apustua egin du, ekonomia eta industria arloetako elementu estrategiko gisa, eta Euskadik mugikortasunean eskumen gehiago har ditzan eskatu du

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Mugikortasun Plana onartu du gaur, Euskal Autonomia Erkidegoak datozen urteetan arlo horretan jarraituko dituen oinarriak finkatzen dituen dokumentu estrategikoa. Plan honek aurreko legealdian onartutako Mugikortasun Jasangarriaren Legeari erantzuten dio, eta Pradales Lehendakariaren Gobernuak agintaldiaren hasieran emandako hitza eta gobernu akordioan jasotako konpromisoa betetzen ditu.

EAJ-PNVk Planaren lanketa aprobetxatu du azken dokumentuan garraioen eta horien azpiegituren esparruan oraindik transferitu ez diren eskumenak Euskadik bere gain hartzeari buruzko zuzenketak sartzeko. “Autogobernua defendatzea da kontua”, gogorarazi du Elena Lete Mugikortasunaren arloko bozeramaile jeltzaleak. “Bikoiztasunak ere saihestu behar ditugu, eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatu”, azaldu du.

EAJ-PNV talde parlamentarioak ere mahai gainean jarri du Abiadura Handiko Trena Euskadira iristea bultzatu eta bizkortzeko beharra. “Azpiegitura horrek Europarekin konektatuko gaitu, eta ekonomiaren eta industriaren arloko elementu estrategiko bihurtuko da, herritarrentzat oso zerbitzu positiboa izateaz gain”, berretsi du Letek. EAJko legebiltzarkideak esan du EH Bildu bezalako taldeek Euskadiko Mugikortasun Planari Abiadura Handiko Trena geldiaraztea eskatzen zuten zuzenketak gehitzen saiatu direla. “Madrilen sistematikoki onartu dituzue Espainiako Gobernuaren Aurrekontuak, proiektu hau garatzeko partidak txertatzen zituenak, eta hemen, berriz, Eusko Legebiltzarrean aurka zaudete. Estrategia inkoherentea, taktizista eta alderdikoia da”, kritikatu du.

Letek intermodalitatearen, EAEko garraio-tituluen arteko elkarreragingarritasunaren eta tarifen integrazioaren garrantzia ere azpimarratu du –Planari gehitutako zuzenketen bidez–, “errentaren eta erabilera-intentsitatearen arabera progresiboa izango den hobari-sistema batekin”.

EAJ-PNV talde parlamentarioak Eusko Legebiltzarrak gaur hartu duen Mugikortasun Planari buruzko eztabaidan azpimarratu nahi izan duen beste puntu bat da dokumentuak Euskadik merkantzien garraioaren arloan dituen beharrak islatzen dituela. “Logistikarekin eta industriarekin lotutako 13 ekimen ere jaso dira. Funtsezkoa da mugikortasunak gure industriaren eta ekonomiaren garapenari arreta jartzea, gure enpresen etorkizuna eta gure industria jarduera bermatzeko”.