Prentsa Aretoa

2024/10/10

EAJ-PNVk eta PSE-EEk babestu egin dute Segurtasun Sailak 2027. urterako 8.000 ertzain lortzeko hartu duen konpromisoa

Zupiria sailburuak iragarritako helburu bera duen ekimena adostu dute jeltzaleek eta sozialistek PPrekin

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk eta PSE-EEk babestu egin dute Segurtasun Sailak 2027. urterako 8.000 ertzain lortzeko hartu duen konpromisoa

ARGAZKIA JAITSI

Ertzaintzan 8.000 agente lortzea da Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusietako bat, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak legegintzaldi hasiera honetan iragarri duenez. Ildo beretik, EAJ-PNVko, PSE-EEko eta Alderdi Popularreko talde parlamentarioek konpromiso hori babesten duen ekimen bat adostu dute gaur goizean, Eusko Jaurlaritzari plazak betetzeko plan bat eta deialdiak egiteko egutegi bat eskatzen diona 2025eko lehen hiruhilekoa amaitu baino lehen.

"2027rako 8.000 agentez hornitzea lehentasunezkoa da gure Poliziaren helburuak betetzeko: pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzea, prebentzio, zaintza eta babes eta ikerketa bidez", azaldu du Jon Andoni Atutxa EAJ-PNVko legebiltzarkideak.

"Talde Sozialistatik berariaz adierazi nahi dugu neurri horrekin bat gatozela eta hala sinatu genuela Gobernu Akordioan. Gaurkoa akordio ona da Legebiltzarrean, herritarrei mesede egiten dieten politiketan lan egiten duen Gobernua eta adostasunetara iristeko gai den Legebiltzarra dagoela berresten duena ", adierazi du Miren Gallastegui PSE-EEko legebiltzarkideak.

Jaurlaritza sostengatzen duten taldeek gogorarazi dute Ertzaintza belaunaldi-errelebo prozesuan dagoela bete-betean, eta azken 6 urteetan Arkauteko Akademiak 3.000 plaza inguru deitu dituela plantillaren %35a betetzeko. Halaber, Zupiria sailburuak azaldu zuen bezala, Ertzaintzaren langile-plantilla osatzearekin batera, beste neurri batzuk hartu behar direla ziurtatu dute, hala nola, Ertzaintza segurtasunaren arloan dauden behar berrietara egokitzea, materialak berritzea, ikerketa- eta inteligentzia-taldeak indartzea edo agenteen prestakuntzan inbertitzea. Baliabide horiek beharrezkoak izango dira Euskadin gertatzen diren delituei aurre egiteko, ziberdelinkuentzia, lapurretak, arma zurien erabilera edo muturreko islamismoa tarte.