Prentsa Aretoa
2024/09/26
EAJ-PNVk eta PSE-EEk hauteskunde-akta guztiak argitaratzeko eskatu diete Venezuelako agintariei Eusko Legebiltzarrean, Nazioarteko Komunitateak egiazta ditzan
Legegintzaldia jeltzaleek eta sozialistek aurkeztutako ekimen batekin hasi da, Venezuelan demokrazia berrezartzeko eta egungo krisi humanitario eta sozioekonomikoa konpontzeko bide bakarra Venezuelako herriaren borondatea errespetatzea dela aldarrikatuz
Eusko Legebiltzarrak EAJ-PNVk eta PSE-EEk bultzatutako legez besteko proposamen bat onartu du gaur, legegintzaldiko ohiko lehen osoko bilkuran. Bertan, Venezuelako agintariei hauteskundeetako boto-zenbaketaren akta guztiak argitaratzeko eskatu die, Nazioarteko Erkidegoak egiaztatu ahal izan ditzan. "Venezuelako herriaren borondatea errespetatzea da, oraindik ere, Venezuelan demokrazia berrezartzeko eta egungo krisi humanitario eta sozioekonomikoa konpontzeko bide bakarra", jasotzen du Eusko Legebiltzarrak, euskal herritarren izenean, "Venezuelako diaspora osoari elkartasuna, hurbiltasuna eta atxikimendua” adieraziz, eta “Venezuelan askatasuna eta demokrazia defendatzeko kausa noblea” bere eginez.
Testuan, Eusko Legebiltzarrak bere kezka azalarazi du uztailaren 28ko hauteskundeen ostean Venezuelan bizi duten egoeragatik, "atxiloketa arbitrarioen kopurua gero eta handiagoa delako eta oposizioaren aurkako etengabeko jazarpenagatik". Hori dela eta, "oposizioaren protesta baketsuen aurkako edozein errepresio edo eraso berehala bertan behera uzteko eta oposizioko kideen eta gizarte zibilaren aurkako atxiloketa arbitrarioak, errepresioa eta erretorika bortitza amaitzeko" eskatu die Venezuelako agintariei.
Era berean, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari eskatu die "Venezuelan demokrazia eta bakea babesten” jarrai dezatela, “elkarrizketaren bidez krisiari irtenbide negoziatu bat emanez".
Mikel Arruabarrena EAJ-PNVko legebiltzarkidearen hitzetan, "Venezuela axola zaigu, horregatik gaude gaur hemen". "Europan, Kongresuan edo Senatuan esaten denaz gain, euskal herriak ahotsa altxatu behar zuen Venezuelan bizi diren bidegabekerien aurrean, Eusko Legebiltzarraren bitartez", adierazi du.
Arruabarrenak gogora ekarri ditu hauteskundeetan eta hauteskundeen ondoren izandako irregulartasun etengabeak, eta ziurtatu du "iruzurkeria nabarmen eta zantar horren" frogarik onena ia nazioartearen aho bateko salaketa dela. EAJ-PNVren jarrera argia azpimarratu du jeltzaleak, "betiere Venezuelako herriaren subiranotasuna babestuz". "Herriak aldaketa bozkatu du, zantzu guztiak ikusita, eta Gonzalez Urrutiaren alde egin du", adierazi du.
Bestalde, Jorge Juez PSE-EEko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, sozialistek "lanean jarraituko dugu Venezuelako herriari laguntzeko, eta bere nazioaren askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzeko". Era berean, Juezek diplomaziara jo du "Venezuelan harreman adeitsuak berrezartzeko funtsezko tresna" gisa, eta "herrialde honetan demokraziaren garaipena inteligentziaren eta harreman diplomatikoen bidez iristea" espero du, negoziazioak bide onetik eramateko borondate sutsuarekin. Eta hori demokrata konbentzituek bakarrik esan dezakete, pozik, orain eta beti. Demokrazian buruzagi politiko bat ere ez litzateke behartu behar bere herrialdetik kanpo babesa bilatzera”.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Eusko Legebiltzarra
2024/10/10
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15