Next Euskadi
Alderdi Eguna 2024

Prentsa Aretoa

2024/09/23

EAJ-PNVk txalotu du Mugikortasun Iraunkorreko sail propioa sortu izana, Euskadiren konektibitatea hobetzen jarraitzeko

Elena Letek, Mugikortasun Iraunkorraren Batzordeko bozeramaile jeltzaleak, garraio publikoaren, azpiegitura berrien eta tarifen integrazioaren aldeko apustua azpimarratu du

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk txalotu du Mugikortasun Iraunkorreko sail propioa sortu izana, Euskadiren konektibitatea hobetzen jarraitzeko

ARGAZKIA JAITSI

Elena Letek, Mugikortasun Iraunkorraren Batzordeko bozeramaile jeltzaleak, pozik hartu du gaur Imanol Pradales Lehendakariak legegintzaldi honetan Mugikortasun Iraunkorreko Sail propioa sortzeko hartutako erabakia, Euskadiren konektibitatea hobetzen jarraitu ahal izateko. Azaldu duenez, erabaki horrek "mugikortasunaren garrantzia eta horrek deskarbonizazioan, ingurumenean eta gizartearen bizi-kalitatean duen eragina erakusten du". Legegintzaldi honek arlo honetan dituen erronka garrantzitsuak azpimarratu ditu Letek, eta garraio publikoaren, azpiegitura berrien eta tarifen integrazioaren aldeko apustua egin du.

Konektibitatea ahalbidetzeko mugikortasuna bermatu eta zaindu egin behar dela adierazi du Letek, eta, hain zuzen, legegintzaldian hartu beharreko neurriek asmo horri erantzun behar diotela azpimarratu du. Zentzu horretan, berebizikotzat jo ditu bai Abiadura Handiko Trenaren Sarea lehenestea, “Europarekiko izango dugun konexioa hobetzeko”, bai eta beste garraio publikoetako azpiegitura berrietan inbertsioak egiten jarraitzea “horrek herritarren konektibitatea hobetu egingo duelako, gizartearen kohesioak ere onurak lortuko dituelako eta jasangarritasunean pausuak emanda ingurumena ere onuradun izango delako”, esan du.

Era berean, tarifen sistema eta aplikazioak arreta berezia behar duela nabarmendu du Letek. “Sistemak bateratzeko ibilbidea hasita dago, baina lanean jarraitu behar da sistema fintzeko, irisgarritasuna gero eta handiago izateko eta herritarrei erraztasunak emateko; ezin dugu ahaztu honetan ere lurraldearen kohesioa jokoan dagoela eta herritar guztiek erabiltzea ezinbestekoa dela, bai emakume, bai gizon, bai gazte, bai heldu, bai zahar. Arrakalak ezabatzeko sistema izan behar da”, ohartarazi du.