Prentsa Aretoa

2024/01/26

EAJ-PNVk Busturialdea suspertzeko Plan baten sorrera bultzatu du, inguruko eragile sozial eta ekonomikoekin batera diseinatuko dena

Eskualdearen eta bere udalerrien behar nagusiak identifikatuko dituen hausnarketa-prozesu batetik abiatuko da ibilbide-orri hau

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Busturialdea suspertzeko Plan baten sorrera bultzatu du, inguruko eragile sozial eta ekonomikoekin batera diseinatuko dena

ARGAZKIA JAITSI

Busturialdeak eskualdea eta bere udalerriak suspertzeko plan bat izango du, inguruko eragile sozial eta ekonomikoekin batera diseinatu beharko dena. Eusko Jaurlaritza babesten duten bi talde parlamentarioek, EAJ-PNVk eta PSE-EEk, Legez Besteko Proposamen bat erroldatu dute gaur goizean Gasteizko Ganberan. Proposamen hori Osoko Bilkuran eztabaidatu beharko da, eta  onartzen bada Lakuako Gobernuari Plana sortzeko aginduko dio.

Mikel Arruabarrena EAJ-PNVko legebiltzarkideak azaldu duenez, proposamen hau "eskualdeko eragile sozial eta ekonomiko nagusiekin partekatuko den hausnarketa eta diagnostiko batetik abiatuta egin beharko da, eta antzematen diren beharrei erantzungo die". Abiapuntu horrek hainbat arlo jaso ahal izango ditu, hala nola ekonomiaren eta industriaren dinamizazioa eta dibertsifikazioa, nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako baliabideen ustiapen jasangarriko kultura berria, inguruko turismoaren kontrola eta horren ondorioak, saneamendua eta ur-hornidura, mugikortasuna eta azpiegituren sustapena, gizarte-kohesioa, kultura-sektorearen dibertsifikazioa eta hiri- eta ingurumen-berroneratzea. Hau da, eremuaren etorkizunerako funtsezkoak diren arloak. 

Busturialdeak Euskadiko Biosfera Erreserba bakarra du, Urdaibai, babes-maila handiko ingurune berezia dena. Hainbat adierazle sozio-ekonomikoren arabera, bertan ekimen desberdinak sustatzea merezi du, eremua berroneratzeko eta berraktibatzeko. Hainbat testuingurutatik eratorritako zailtasunek eta eskualdeko jarduera garatzeko baldintza bereziek arriskuan jarri dute inguruko ekonomia- eta industria-sare berezia eraldatzea, enpresa-proiektu berriak garatzea eta enplegu berriak sortzea. Horregatik, Busturialdeak "garapen sozioekonomikorako estrategia propioa behar du, bere errealitatera, eskualde honetan bizi diren 46.000 pertsonen beharretara eta bere ingurune naturalera egokitua.