Prentsa Aretoa

2024/01/19

EAJ-PNVk eta PSE-EEk Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea Eusko Legebiltzarraren babes “oso handiarekin” jaioko dela ospatu dute

Arauak esparru juridiko egonkorra ezarriko du klima-neutraltasunerantz eta energia-efizientziaren sustapenerantz aurrera egiteko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea adostasun zabalarekin jaioko da Eusko Legebiltzarrean, EAJ-PNVk, PSE-EEk eta EH Bilduk gaur goizean jakitera eman duten akordioari esker. Ganberak arauari emango dion gehiengoaren babes horrek oinarri egonkorra bermatuko du klima-neutraltasunerantz eta energia-efizientziaren sustapenerantz aurrera egiteko beharrezkoak diren politika publikoak eta erregelamenduak gauzatzeko. Hemendik gutxira, Euskadik lehen mailako tresna bat izango du erronka global nagusietako bati aurre egiteko: klima-aldaketa.

Gainera, lege-proiektuari egindako ekarpeni esker –onartutako zuzenketen eta adostutako transakzionalen bidez–, nabarmen aberastu ahal izan da proiektua. "Anbizio handiko legea izango dugu, helburu handiagoak eta kuantifikagarriagoak dituena, bizi dugun egoera klimatikoarekin eta krisi klimatikoari aurre egiteko premiarekin bat datorrena", azaldu dute Unai Grajales (EAJ-PNV) eta Alberto Alonso (PSE-EE) legebiltzarkideek. Gaur goizean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak onartutako lege-proiektuari aurkeztutako zuzenketak aztertzeko ponentzia egin du Eusko Legebiltzarrak.

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea onartzea legegintzaldiko helburu bat zen, beteta geratuko dena, eta bat egingo du nazioarteko politikekin eta araudiekin, baita Lehendakariak sinatutako 2019ko Larrialdi Energetikoaren Adierazpen Instituzionalarekin ere. 2019an Legebiltzarrean onartutako Euskadiko Jasangarritasun Energetikoaren Legearekin batera, 2050erako neutraltasun klimatikoaren helburua lortzeko esparru juridiko egonkorra eskainiko du. Tresna integrala izango da, helburu zabalak eta oinarrizko printzipioak izateaz gain, klima-aldaketaren aurkako borrokaren prozesuan politika garrantzitsuak finkatu dituena, eta jarduera-ildo desberdinetarako araudi espezifikoak garatzeko aukera emango duena. 

Hiru indarren artean lortutako akordioaren barruan, berrikuntza garrantzitsuak sartu dira. Gobernantzaren esparruan, adibidez, Ingurumeneko Aholku Batzordeari eta Ingurumenaren Herritarren Batzarrari ahalmenak emango zaizkie; Batzorde Zientifiko bat sortzea sustatuko da; eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa sortzea bultzatuko da. Legeak ezarritako helburu eta konpromisoei dagokienez, berotegi-efektuko gasak murrizteko, eraginkortasun energetikoa handitzeko, energia berriztagarriak sustatzeko eta Euskadin sartzeko helmugak sartu dira, modu kuantifikagarrian gainera. Era berean, energia berriztagarriak sustatzeko eta enpresa eta herritarrei, erkidegoei, kooperatibei eta abarri energia berriztagarrietarako sarbidea errazteko neurriak ere adostu dira.

Politika horien finantzaketari buruzko aipamenak ere egin dira Legean. Horrela, energia berriztagarrien kanona eta gizarte-funts klimatikoa sortzea erabaki da, baita energia- eta klima-ikuspegia aurrekontu publikoetan txertatzea ere (horrelako ekimenetara horien % 2,5 bideratzeko konpromisoarekin).

Legeak, gainera, trantsizio energetikoa eta garapen ekonomikoa uztartzen ditu. Izan ere, deskarbonizazio-prozesua bultzatzearen aldeko apustua egiten du, euskal sektore sozioekonomiko guztietan trantsizio energetikoa erabiliz, garapen ekonomikoa, enpleguaren kalitatea eta gizarte osoaren ongizatea indartuz, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik iraunkorra eta inklusiboa den garapen-eredu baten esparruan.