Prentsa Aretoa

2023/11/23

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Euskal Zerbitzuen Legea onartuta, eredu koherente bat ezarriko da Euskadirentzat, erakunde bakoitzaren autonomia errespetatuz

“Legea oso akordio zabalarekin onartu da, eta kidego hauetako profesionalentzako funtsezko gaiak jasotzea lortu dugu”, azaldu du Estibaliz Larrauri EAJ-PNVko legebiltzarkideak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskadiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Zerbitzuen Lege berriak modu koherente eta kohesionatuan arautuko ditu gaur egun dauden mota horretako zerbitzu guztiak –26 parke, hiru euskal hiriburuen eta hiru foru aldundien titulartasunpekoak–, erakunde bakoitzaren autonomia, erabakitzeko ahalmena, berezitasuna eta eskumenak errespetatuz. "Legearen emaitza ausarta eta handinahia da, baina erakunde bakoitzaren legezko mugak eta, bereziki, eskumenekoak errespetatzen ditu, zerbitzuaren berezitasuna dela eta. Gainera, testua Ganberaren gehiengoaren akordioarekin onartu da", esan du Estibaliz Larrauri EAJ-PNVko legebiltzarkideak.

Gaur goizean, Eusko Legebiltzarrak araua onartu du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak egindako lege-proiektuan oinarrituta. Proiektu horretan azken hilabeteetan lan egin da. Legeak, azkenik, sektoreko profesionalen aldarrikapen nagusietako batzuk jasoko ditu. "Adosteko borondatea egon da eta guztion artean itun on bat lortu dugu", esan du Estibaliz Larrauri EAJ-PNVko legebiltzarkideak Gasteizko Ganberan egindako Osoko Bilkuran. Arauak "herritarrei zerbitzu hobea ematen lagunduko digu, eta Kidegoek beren lana garatzeko funtsezkotzat jotzen zituzten lan-kontuak ere sartuko ditu", azaldu du Larraurik.

Lege berriak hasieratik bilatzen zuen, besteak beste, berdintasunaren arloan aurrera egitea suteak itzaltzeko zerbitzuen lanpostuak eskuratzeari, lanpostuak betetzeari eta barne-sustapenari dagokienez. Izan ere, gaur egun emakume suhiltzaileek ordezkaritza txikia dute plantilletan. Arau berriaren arabera, erakundeek sustapen-plan espezifikoak jarri beharko dituzte abian, emakumeek kidegoetan duten presentzia bermatzeko, eta LEPen plazen %25 eta %40 artean gorde beharko diete emakumeei.

Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamenduko Zerbitzuetarako erakunde arteko batzordea ere indartuko da. Batzorde horretan erakunde guztiak eta ordezkaritza handiena duen elkarte profesionala egongo dira ordezkatuta. Suhiltzaileak, gainera, "agintaritzaren agentetzat" hartuko dira, eta eskala eta lerro hierarkiko bakarrean integratuko dira. Era berean, estatutu-araubide berria izango dute, eta EAEko lege batean lehen aldiz arautuko da EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegiaren ziurtagiria beharko duten enpresetako suteak itzaltzeko zerbitzuen existentzia.