Prentsa Aretoa

2023/10/21

EAJ-PNVk presoen eskubideak urratzen dituen salbuespenezko espetxe-legeria indargabetzea eskatu du

Olatz Peon Ormazabal legebiltzarkidea eta Jon Andoni Atutxa legebiltzarkidea Gernikan izan dira larunbat honetan, Sare Herritarra Elkarteak antolatutako ekitaldian

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk presoen eskubideak urratzen dituen salbuespenezko espetxe-legeria indargabetzea eskatu du

ARGAZKIA JAITSI

Euzko Alderdi Jeltzaleak berretsi egin du presoen eskubideak urteetan urratu dituen eta, tamalez, gaur egun ere hala egiten jarraitzen duen salbuespenezko espetxe-legedia indargabetzeko eskakizuna. Jarrera hori EAJ-PNVk gure herrian erabateko bizikidetza sustatzeko eta sendotzeko duen konpromiso irmoaren barruan kokatzen da, eta zeregin horrek oraindik gainditu gabeko irakasgaiak eta erronkak ditu.

Olatz Peon Ormazabal legebiltzarkideak eta Jon Andoni Atutxa legebiltzarkideak osatzen duten EAJ-PNVko ordezkaritza hau Gernikan izan da larunbat honetan, Sare Herritarra Elkarteak antolatutako ekitaldian. Bertan, “Giltzak” manifestua aurkeztu dute. Peonek eta Atutxak berretsi egin dute jeltzaleek konponbideak bilatzeko duten konpromisoa, eta azpimarratu dute garrantzitsua dela elkarrekin lan egiten jarraitzea, egiteke dauden erronkei aurre egiteko eta eskubideak errespetatuko dituen eta bizikidetza sustatuko duen euskal gizarterantz aurrera egiteko.

EAJ-PNVk errespetu osoa agertu die presoen eskubideen aldeko mobilizazio guztiei. Hala ere, alderdi jeltzaleak ez du ordezkaritza ofizialik bidaliko Sarek urtarrilerako deitu duen manifestaziora. Duela bi urte, EAJ-PNVk iragarri zuen bere ahaleginak espetxe-politikaren salbuespen-egoera indargabetzeko lan egitera eta akordio politikoak eta parlamentarioak lortzera bideratuko zituela.