Prentsa Aretoa

2023/09/14

Egibarrek Urkullu lehendakariaren zerbitzu publikoen defentsa nabarmendu du Legebiltzarreko Politika Orokorreko Eztabaidan

Bozeramaile jeltzaleak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak pertsonak dituela bere politiken erdigunean, eta lehendakariaren "argitasuna eta segurtasuna" baloratu ditu

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarrean egindako Politika Orokorrari buruzko Eztabaidan Iñigo Urkullu lehendakariak egindako zerbitzu publikoen defentsa nabarmendu du gaur EAJ-PNVko talde parlamentarioak. "Eusko Jaurlaritzak pertsonak ditu bere politiken ardatz", esan du Joseba Egibar bozeramaile jeltzaleak. Egibarrek Lehendakariak bere lanarekin eskaintzen duen "argitasuna eta segurtasuna" ere baloratu ditu.

"Lehendakariak egoeraren azterketa zehatza eta oso serioa egin du, agintaldian egindako lanaren balantzea egin du, eta etorkizunera begira ibilbide argi bat proposatu du", azaldu du Egibarrek Gasteizko Ganberan.

EAJ-PNVren talde parlamentarioko bozeramailearen arabera, "Iñigo Urkullu ere oso zuzena izan da", izan ere, "gure indarguneez gain, herri gisa hobetu behar ditugun erronka batzuk ere aztertu ditu (demografia, energia, etxebizitza...)". Etorkizunari begira, hain zuzen ere, Lehendakariak zenbait konpromiso azpimarratu ditu, hala nola segurtasuna, bizi-kostua, enplegua, osasuna, etxebizitza, hezkuntza, gazteria, zaintza... "Beti pertsonak politikaren erdigunean eta auzolana lan egiteko modu gisa", gogorarazi du Egibarrek.

Ikuspegi “katastrofista”

EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak oposizioko taldeek marraztutako "agertoki postapokaliptikoei" kritika egin die, "politikaren oinarria desitxuratzen duen jokabidea" dena. EH Bildu adibide argiena da, errealitatearekin bat ez datorren ikuspegi "tremendista eta katastrofista" marrazten baitu, eta Eusko Jaurlaritzaren lana higatzea baino ez baitu helburu. "Zuek populismoa egiten duzue hauteskunde-etekinak lortzeko estrategia argi batean".

Nazioaniztasunaren aitortza

Legebiltzarreko bozeramaile jeltzaleak, era berean, autogobernuari buruz hitz egin du, eta Estatuaren nazioaniztasuna errespetatzea eskatu du. "Nahikoa da begiak irekitzea nazio aniztasuna aitortzeko arazo bat dagoela ulertzeko; ildo horretan eztabaida bat ireki behar da, Euskadi eta Estatuaren arteko harreman politiko berria izateko, elkarren arteko errespetuan oinarritua”. Egoera horretan, "abiapuntua Euskadiko eta Kataluniako errealitate nazionalak aitortzea izan behar da".