Prentsa Aretoa

2023/06/29

EAJ-PNVk Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia sortzearen alde egin du, sektore publikoaren, herritarren eta jarduera ekonomikoaren babesa handitu eta optimizatuko duelako

Gorka Alvarez legebiltzarkide jeltzalearen ustez, ezinbestekoa da ziberdelinkuentzia eraginkortasunez detektatzeko, ikertzeko eta jazartzeko baliabideak indartuko dituen sare instituzional eta juridiko bat eraginkortasunez hornitzea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarrak Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia sortzeko Legea onartu du ostegun honetan. Lege honen helburu nagusia da sektore publikoaren, herritarren eta EAEko ehun ekonomiko eta enpresarialaren babes-maila handitzea eta optimizatzea, zibersegurtasunarekin lotutako eraso eta istiluen gorakadaren ondorioz. Horrela, Gorka Alvarez EAJ-PNVko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du “atzean ez geratzea” eta euskal herritarrei eta ingurune digitalean egiten duten jarduera ekonomikoari babesa eta segurtasuna bermatuko dien egitura instituzional eta juridiko “eraginkorra izatea”. 

Legebiltzarkide jeltzaleak ohartarazi duenez, eraldaketa digitalak gizartearen zati handi batek har dezakeena baino abiadura handiagoan egiten du aurrera. “Gero eta konektatuago gaude eta komunikazio digitalekiko mendekotasun handiagoa dugu. Horrek esan nahi du informazioa maila handiagoan ematen dela, eta, beraz, Administrazioaren ardura da herritarren segurtasuna eta babesa bermatzea, bai eta ekoizpen-ehunarena ere”, esan du. 

Azken urteotan, Euskadik eta bere inguruak ezohiko egoera bizi dute zibersegurtasunaren arloan, beste aldi batzuekin alderatuta; izan ere, iaz ziberdelituak %41 gehitu ziren, eta 2023ko lehen lauhilekoan %22 gehiago. Gainera, Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen 2023ko apirileko txostenaren arabera, euskal gizartearen %70 oso edo nahiko kezkatuta dago Interneten delitu baten biktima izateko aukerarekin. 

Zentzu horretan, Alvarezek adierazi du ziberdelinkuentzia eraginkortasunez detektatzeko, ikertzeko eta jazartzeko baliabideak indartu behar direla, eta, gainera, zibersegurtasuna zeharkako gai gisa hartu behar dela hainbat erakunderen ekimenen esparruan, horiek behar bezala garatzeko eta herritarrei eta enpresa-sektoreari laguntzeko. “Beharrezkoa da Euskadiko sektore publikoan ekimen komun bat garatzea, eskura dauden baliabideen koordinazioa artikulatu eta indartzeko, Euskadin zibersegurtasunaren heldutasun eta erresilientzia maila igo ahal izateko”, esan du. 

Hori dela eta, ordezkari jeltzaleak nabarmendu du lege honek Zibersegurtasunaren Euskal Agentziaren berezitasunak definitzen dituela eta, gainera, agentzia horren funtzioak eratzeko, antolatzeko eta garatzeko mekanismoak aurreikusten dituela, gizarteari berme juridiko handiagoa eta segurtasun maila handiagoa emateko Interneten eta teknologia digitalaren esparruan. “Lege on baten aurrean gaude, ziberkriminalitatearen aurrean dugun babesa indartuko duelako eta horretarako tresna egokiak emango dizkigulako”, amaitu du Alvarezek.