Prentsa Aretoa

2022/06/30

EAJ-PNVk elkartasuna eta salaketa irmoa adierazi du Melillako mugan gertatutakoengatik

EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUko talde parlamentarioek "ikerketa berehalakoa eta independentea" eskatu dute gertakariak argitzeko, erantzukizunak garbitu eta biktimen erreparaziorako neurriak ezartzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Joan den ekainaren 25ean, Espainiako Estatuko hegoaldeko mugaren historiako hondamendi humanitario larrienetako bat bizi izan zen. Gutxienez 37 pertsona hil dira, GKEen arabera, eta dozenaka zauritu Melillara iristen saiatzean, indarkeria-irudi basatiekin, beroan itzulketekin eta migrazio-agintarien aldetik Giza Eskubideen urraketa larriekin.

Testuinguru horretan, Espainiako presidenteak adierazpen onartezinak egin zituen egindako jarduerak ulertu eta babestuz, eta Espainiako eta Marokoko segurtasun-kidegoek egoera ondo konpondu zutela adierazi zuen.

Gertaera hauen aurrean, EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUko talde parlamentarioek honako adierazpen hau aurkeztu dute:

  1. Gure atsekabea eta salaketa irmoa adierazten dugu joan den ekainaren 25ean Melillako mugan gertatutakoengatik, eta elkartasun osoa adierazten diegu poliziaren jardun basatiaren ondorioz hildako edo zauritutako Saharaz hegoaldeko pertsonen familiei.
  2. Ikerketa berehalakoa eta independentea eskatzen dugu, gertakariak argitzeko, erantzukizunak garbitu eta biktimen erreparaziorako neurriak ezartzeko.
  3. Hildakoen gorpuak berreskuratzea, identifikatzea eta jatorrizko herrialdeetara aberriratzea eskatzen dugu, familien nahiak errespetatuz.
  4. Adierazi nahi dugu, halaber, erabat gaitzesten ditugula migrazioaren eta asiloaren arloan Europak eta Espainiak gaur egun dituzten politikak, mugak militarizatzeari eta kanpora ateratzeari buruzkoak.
  5. Eskatzen dugu legezko bide seguruak ezartzea, migratzaile guztien duintasuna eta giza eskubideekiko errespetua bermatzeko.
  6. Gure ustez, Europar Batasunak migrazio-politika koherente eta bateratua ezarri behar du, eta asilo- eta babes-politika giza eskubideen errespetuan oinarritua.
  7. Mugetara iristen diren migratzaileen erantzukizunak eta kudeaketak EBko kideen artean komuna, arduratsua eta solidarioa izan behar duela uste dugu.
  8. Azkenik, agertutako taldeok berretsi egiten dugu giza eskubideetan oinarritutako migrazio-politikak bultzatzea, eskuin muturreko ideologiek bultzatutako diskurtso xenofoboen eta praktika autoritarioen aurrean.