Prentsa Aretoa

2022/05/19

EAJ-PNVk Euskal Kasazio Zibilari buruzko Legearen onarpena ospatu du, gure Autogobernua indartuko duena

Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak legea babestu du, alderdi guztien aldeko botoekin eta abstentzio bakarrarekin. Irune Berasaluzek “gure Zuzenbide Zibilaren garapena erraztuko duen eta doktrina bateratu bat sortzea ahalbidetuko duen” arau baten garrantzia azpimarratu du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal Zuzenbide Zibilak hori garatuko duen arau propioa izango du, eta, horrela, gainditu egingo ditu Espainiako prozesu-legeriak gure zuzenbidea garatzeko orain arte ezarri dituen oztopoak. Irune Berasaluze legebiltzarkideak adierazi duenez, arauak talde guztien baietza jaso du, abstentzio bat izan ezik, eta jurisprudentzia-corpusa handitzeko tresna indartsua izango da, askoz ere kasu gehiago iritsiko baitira euskal auzitegietara. “Lege horretan, hau da Espainiar prozesu legean, baldintza nahiko zorrotzak ezartzen dira kasazio errekurtsoa onartzeko eta praktikan, Estatuko araudia gure errealitatera ez egokitzeak, gure Justizia Auzitegi Nagusiko arlo zibileko Salak  urte guzti hauetan Euskal Zuzenbide Zibilaren arloko oso epai gutxi ematea eragin du”, azpimarratu du.

Hala, arau berriak kasazio-errekurtsoa bidezkoa den kasuak zabalduko ditu, eta, horretarako, kendu egingo du kasazio-auzi bat epaitu ahal izateko gutxieneko zenbateko ekonomikoaren betekizuna. Gaur egun, kasazio-errekurtsoaren gutxieneko zenbatekoa 600.000 eurokoa da; kopuru hori handiegia da, eta EAEJANra iristen diren kasuak mugatzen ditu.

Ekoizpen urri horrek ez du ahalbidetzen azterketa judizial sakon bat osatzea, ezta doktrina bateratu bat ere. Berasaluzeren arabera, lege hori onartuta, doktrina handiagoa eta aberatsagoa izatea ahalbidetuko da, Katalunia edo Galizia bezalako autonomia-erkidegoetan gertatzen ari den bezala. “Gure autogobernua sendotzeko eta indartzeko bidean aurrera egitea da Legebiltzar honetan egiten ari garena. Gure zuzenbide zibil propioa, zuzenbide zibil erkidekoak ez bezalakoak, printzipio eta oinarri propioetan oinarritzen da. Gure zuzenbide propioaren berezitasunetara egokitzen den arauketa behar genuen”.

Berasaluze pozik agertu da lortutako akordio-maila handiagatik, eta eskerrak eman dizkie talde guztiei Euskal Zuzenbide Zibila sendotzeko “funtsezko” legea onartzeko egindako ahaleginagatik.