Prentsa Aretoa

2022/05/12

Joseba Egibar: “Populismoen aurrean, indar instituzionala desberdintasunaren aurka borrokatzeko”

Bozeramaile jeltzalearen ustez, eskuin muturrak askatasuna, eskubide sozialak eta demokrazia mehatxatzen ditu. Horregatik, euskal erakundeen sendotasunaren alde egiten du, beldurra eta gizarte-segurtasunik eza geldiarazteko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Joseba Egibar EAJ-PNVren talde parlamentarioko bozeramailearen ustez, gaur egun herritarren askatasuna, eskubide sozialak eta demokrazia mehatxatzen dituzten mugimendu populista eta eskuin-muturrekoen aurrean beharrezkoa da, “inoiz baino gehiago”, mundu ireki batean segurtasuna ekarriko duten erakunde indartsuak izatea. “Oso mundu irekian bizi gara, eta ez gara baldintza berberetan lehiatzen. Hain da irekia, non beldurra sartu eta babesgabetasuna sortzen denean, salbatzaile bihurtzen den populistarentzat egokia den eremua ematen da. Horretan oinarritzen dira estremismoak, jendearen haserreaz baliatzen baitira babes soziala lortzeko”, esan du.

Egibarrek, ostegun honetako osoko bilkuran, pertsonen eta kolektiboen aurkako indarkeria eta diskriminazio adierazpen oro arbuiatu du, demokrazia, berdintasuna eta giza eskubideak beldurraren eta diskriminazioaren apologiarekin kontrajarriz. “Gakoetako bat desberdintasun sozialak murriztea da. Eta, Europan, oraindik badugu zer egin zentzu horretan. Balio komunitarioak sustatu behar dira, jakinda bide horretan behartsuenek aterpea eta babesa aurkituko dutela. Eta hori erakunde indartsuekin egiten da", adierazi du.

Hala, bozeramaile jeltzaleak nabarmendu duenez, Eusko Legebiltzarrak gizarte-desberdintasunen aurka borrokatzen jarraituko du, “demokrazia hobetu eta sakonduko du, eskuin muturreko ideologiek eta indarrek gorrotoak erreskatatzeko eta beldurrak ustiatzeko politikan porrot egin dezaten, hala nola, estrategia xenofoboa, Europaren aurkakoa eta sistema demokratikotik deskalifikatzen duena”, amaitu du.