Prentsa Aretoa

2022/05/02

EAJ-PNVk Euskal Kasazio Zibileko Errekurtsoaren Legea babestu du doktrina bateratu bat eratzen eta aberasten laguntzeagatik

Erakunde Batzordeak ontzat eman du ponentziaren irizpena, alderdi guztien aldeko botoekin, PP izan ezik, abstenitu egin dena, baina osoko bilkuran legea babestuko duena. Irune Berasaluzek eskerrak eman dizkie taldeei, gure Zuzenbide Zibila garatzeko beharrezkoa den lege batean akordiorako jarrera ona izateagatik

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal Zuzenbide Zibilak laster izango du bere arau propioa, jurisprudentzia-corpusa garatu eta areagotuko duena. Erakunde Batzordeak Ponentziaren irizpena berretsi du gaur, eta talde guztiek aho batez onartu dute. PP+C`s soilik abstenitu da, baina lege-proiektua berresten duen osoko bilkuran aldeko botoa emango dutela aurreratu du. Irune Berasaluze legebiltzarkide jeltzaleak gure Zuzenbide Zibila garatzeko erabakigarria izango den arau baten balioa azpimarratu du. “Lege propio bat behar genuen justizia-auzitegietan kasazio-errekurtsoa jartzeko kasuak arautzeko. Lege horrek kasazio-interesaren eremua zabalduko du, eta Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko doktrina bateratu bat eratzea ahalbidetuko du”.

Hala, arau berriak kasazio-errekurtsoa bidezkoa den kasuak zabalduko ditu, eta, horretarako, kendu egingo du kasazio-auzi bat epaitu ahal izateko gutxieneko zenbateko ekonomikoaren betekizuna. Gaur egun, kasazio-errekurtsoaren gutxieneko zenbatekoa 600.000 eurokoa da, kopuru handiegia, eta, horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira iristen diren kasuak urriak dira. Ekoizpen urri horrek ez du ahalbidetzen azterketa judizial sakon bat osatzea, ezta doktrina bateratu bat ere. Berasaluzeren arabera, lege honen onarpenarekin kasaziora iristen diren kasuak ugaritu egingo dira, doktrina handiagoa eta aberatsagoa erraztuz. Orain arte, Euskadin Prozedura Zibilaren Estatuko legeak arautzen du kasazio-errekurtsoa, eta askotan ez du uzten Euskal Zuzenbide Zibilaren beharretara eta berezitasunetara egokitzen.

Datozen asteetan Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurara bidaltzeko prest geratu den arauak Legebiltzarreko talde guztien abala izango du. Hori nabarmendu nahi izan du EAJ-PNVko ordezkariak, eta akordiorako eta lankidetzarako jarrera ona eskertu du.