Prentsa Aretoa

2022/04/25

EAJ-PNVk Euskal Sektore Publikoaren Legea defendatu du, Administrazioa modernizatzen egindako ekarpenagatik

Gaur Batzordeak Ponentziaren irizpena onartu ondoren, Legea prest geratu da Legebiltzarreko osoko bilkurak maiatzaren 12an berresteko. Estibaliz Larraurik adierazi duenez, “funtsezko legea da indarrean dagoen esparrua egokitzeko eta gobernantza hurbilago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal Administrazio Publikoak arau berri bat izango du aste batzuk barru, bere funtzionamendua eta barne-antolaketa egituratzeko. Estibaliz Larrauri legebiltzarkide jeltzalearen ustez, lege hori funtsezkoa da, eta gainjartzeak eta bikoiztasunak saihesten lagunduko du, egungo arau-sakabanaketari amaiera emateaz gain. "Gobernantza publikoaren eredu berriaren erronkei aurre egiteko lege erabakigarri baten aurrean gaude; lege-mailako berezko arau bat da, sektore publikoaren antolaketaren, funtzionamenduaren eta araubide juridikoaren ildo nagusiak ezarriko dituena", adierazi du.

Azken hilabeteotan talde parlamentarioekin izandako negoziazioen ondorioz, legeak EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk defendatutako zuzenketen zati handi bat jasoko du, abstentzioa errazteko. PPrekin akordioa ezinezkoa izan da eta bere botoa kontrakoa izan da. Larraurik eskertu egin du taldeek egindako lana eta lege-testu honen edukiak hobetzeko prestasuna. “Saiatu gara Euskal Sektore Publikoa etengabeko hobekuntza-prozesu batean egon dadin, gizartearen onerako izango dena, zerbitzu hurbilagoa, eraginkorragoa eta modernoagoa eskainiz. Administrazio-egiturak hobeto definitu, antolatu eta sinplifikatzen baditugu, herritarrek arreta hobea, hurbilagoa eta eraginkorragoa jasoko dute”.

Legearen edukiari dagokionez, Larraurik nabarmendu du kudeaketa-figura berriak sortzeko formulak gogortu egin direla, sektore publikoa arrazionalizatzeko eta dimentsionatzeko neurriak hartu direla eta Sektore Publikoko Erakundeen Erregistroa sortu dela. Gainera, azpimarratu duenez, legeak zehazten du bi hizkuntza ofizialak zerbitzurako, harremanetarako eta lanerako hizkuntzak izango direla Euskal Sektore Publikoan, koofizialtasunak Administrazioan duen pisua indartuz. EAJ-PNVko ordezkariak esan duenez, “lege on baten aurrean gaude, taldeen ekarpenekin aberastuta, eta beharrezkoa dena daukaguna berrikusteko eta maila instituzional guztietan hobetzeko”.

Maiatzaren 12an, Legebiltzarreko Osoko Bilkurak berretsiko du legea. Gaur, Erakunde Batzordeak ontzat eman du ponentziak egindako irizpena.