Prentsa Aretoa
2022/03/03
“Beste mugarri bat” bete da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen erreformaren onarpenarekin, EAJ-PNVren ustez
Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkideak ziurtatu du arau berriak benetako berdintasun eraginkorra lortzeko urrats bat gehiago ematen duela. “Gizarte-aldaketa bat dago abian, bai eta lege-esparru berri bat ere, emakumeek gizonen aukera eta eskubide berberak izan ditzaten”
2005ean, Euskadik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zuen, eta, horrela, erkidego aitzindaria eta erreferentea bihurtu zen berdintasun-politika publikoen garapenean. 17 urte geroago, berriz ere mugarri bat ezarri genuen, Legebiltzarrean emakumea babesteko esparru sendoagoa ematen digun erreforma integrala berretsiz. Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkidearen hitzetan, “Emakumeen diskriminazioaren eta indarkeriaren aurrean erakundeek ematen duten erantzuna hobetzen jarraituko duen lege baten aurrean gaude”. Gaineratu duenez, lege hori funtsezkoa izango da indarkeria genero-desberdintasunaren adierazpen goren gisa kokatzeko. Arrizabalagak Barakaldon eta Tolosan izandako azken erasoak gaitzetsi ditu, eta ziurtatu du horrelako jarrerek beti aurkituko dutela euskal gizartearen gaitzespena eta erakundeen laguntza. Zoritxarrez, adierazi duenez, “hauxe da daukagun errealitatea, pertsona guztiak aske eta beldurrik gabe bizi ez diren Euskadi bat, desberdintasuna dagoen Euskadi bat. Horrek guztiak eskatzen digu eta behartzen gaitu emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea ahalbidetuko duten politikak bultzatzen jarraitzera, estamentu guztietan eta bizitzako etapa guztietan berdintasun- eta errespetu-balioetan heztea sustatuz. Hauxe da lege berri honen espiritua”.
Osoko bilkuran egindako hitzaldian, jeltzaleen ordezkariak balioetsi egin du alderdi politikoen artean lortutako adostasuna, eta eskertu egin du gizarteari batasun-irudia helarazteko egindako ahalegina; izan ere, “guztiok gara beharrezkoak indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko”. Legearen prestakuntzan beren ekarpenekin parte hartu duten kolektibo, mugimendu eta emakumeen lana ere gogorarazi nahi izan du Arrizabalagak, eta Emakunderen paper nabarmena aipatu du, EAJ-PNVrentzako funtsezko figura. “Gaur, adostasunaren, lan partekatuaren eta negoziazioaren emaitza den araua aurkezten ari gara, beraie guztie esker. Arau honek berdintasunaren alorrean egin dugun bide osoa sendotuko du, gaur berriro ere goraipatzen dugu bide hori, eta, gainera, aurrera egingo du belaunaldi berrientzako etorkizun hobe eta berdinzaleago bati begira”. Baina legezko tresna onak izatea bezain garrantzitsua da gizarte kontzientziatua izatea, eta zorionez, Euskadin aldaketa soziala martxan dagoela gaineratu du. “Gure etxeetan ikusten dugu, hezkuntzan, erabiltzen dugun hizkuntzan, enpresetan... Gero eta kontzientzia handiagoa dago, baina bide luzea dugu egiteko, eta bide hori erakundeek eta gizarteak egingo dugu eskutik helduta, hausturarik gabe”.
Martxoak 8
Berdintasunaren Legearen erreformaren onarpena Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu baino egun batzuk lehenago iritsi da. Bozeramaile jeltzaleak ez du hori ahaztu. “Datorren martxoaren 8an milaka euskal emakume kalera ateratzen direnean benetako berdintasun eraginkorra eskatzera, legezko aterki berri baten pean aterako dira. Zoritxarrez, egoera ez da asko aldatuko, bidegabekeriak eta diskriminazioak gure egunerokotasunaren parte baitira oraindik ere: soldata-arraila, kristalezko sabaia, genero-indarkeria, estereotipoak, lan-gainkarga etxea zaintzeko eta mantentzeko eginkizunetan emandako denboran, eta beste asko. Baina egun horretan, 2022ko martxoaren 8an, legezko tresna indartsu bat izango dugu guztioi dagokigun eskubide unibertsalera gehiago hurbiltzeko: tratu-berdintasunerako eskubidea”.
Hala ere, eta gaur onartutako legea erabakigarria dela sinetsita, inoiz ez da nahikoa izango. Ez da hala izango, zehaztu du, desberdintasun-egoerak gertatzen diren bitartean. “Zeregin honetan inoiz ez da nahikoa izango. Emakume izateagatik emakume bakar bat ere hiltzen, mehatxatzen edo gutxiesten ez den eguna izango da. Hala izango da emakumeek eta gizonek aukera eta eskubide berberak ditugunean lanaren eremuan, etxean, eremu publikoan edo aisialdian eta gozamenean. Egun hori, berandu baino lehen iristea espero dudana, gizarte justu, berdintasunezko, errespetuzko eta aske batean bizi garela esan ahal izango dugu”. Bitartean, bukatu du, erakunde, alderdi, gizarte-mugimendu eta gizarte zibil guztioi dagokigu lanean jarraitzea, ditugun baliabideak indartzen jarraitzea, laguntzak zabalduz eta behar duten emakume guztiei lagunduz.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15