Prentsa Aretoa

2021/10/21

Legebiltzarreko talde guztiek, EH Bilduk izan ezik, adierazpen "irmoa" adostu dute ETA gaitzesteko

rss Ezagutzera eman
Legebiltzarreko talde guztiek, EH Bilduk izan ezik, adierazpen

ARGAZKIA JAITSI

ETAk jarduera terrorista behin betiko utzi zuela iragarri zuenetik hamar urte bete direnean, Eusko Legebiltzarrak honako hau adierazten du:

1.- ETAren jarduera terroristak lau hamarkada baino gehiagoan ekarri zuen zentzugabekeria eta bidegabekeria irmo gaitzesten dugu, eta helburu politikoak lortzeko indarkeriaren zilegitasunik eza salatzen dugu. Gure babesa eta laguntza basakeria hori jasan zuten biktima guztiei. Argi eta garbi esaten dugu min hori ez zela inoiz gertatu behar. ETAk kalte konponezina utzi zuen euskal gizarte osoan. Iragana ahaztuko duen etorkizunari begiratzeak biktimen oroimena eta ohorea bazter ez ditzan eskatzen dugu.

2.- Gaur, hamar urte hauek indarkeria terroristarik gabe igaro ondoren, gizarte askeago, bidezkoago eta Giza Eskubideekiko errespetuzkoago batean bizi gara. Hobeto bizi gara eta elkarrekin bizi gara, baina lana dago egiteko. Garai berriak erantzukizunak bere gain hartzea eta eragindako kaltea aitortzea eskatzen du. Etorkizuna eraiki behar dugu gure iraganeko orrialde guztiak ondo irakurriz. Bizikidetza egia, oroimena eta justizia oinarri hartuta eraikitzeko konpromisoa dugu. Hausnarketa plurala sustatzeko lan egingo dugu, argi eta garbi adierazita gera dadin ez dagoela argudiorik —ez gatazkaren testuinguru edo teoriarik, ez aurkako bandoei buruzko tesirik, ez bestelako salaketarik, ez estatu-arrazoirik, ez etorkizunaren nagusitasunik— ETAren indarkeria minimizatu, justifikatu edo legitimatzeko, ez eta Giza Eskubideen beste edozein urraketa ere.

3.- Etorkizuna guztion artean eraiki nahi dugu. Pertsona guztien Giza Eskubideak, sinesmenak eta idealak errespetatuz, eta inor atzean utzi gabe. Desberdina ezagutuz, harekin enpatizatuz eta hitz eginez. Etorkizun horrek lan partekatua eskatzen digu, eta lan horretan ibiltzeko prest gaude. Indarkeriaren zikloa amaituta, ahalegin guztiak egingo ditugu bizikidetza oinarri baten gainean berreraikitzeko: pertsona guztien giza duintasuna eta giza eskubideak errespetatzea.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 21a