Prentsa Aretoa

2021/09/30

EAJ-PNVren ustez, botiloiaren arazoa amaitzeak ahalegin kolektiboa eskatzen du, ez baitago irtenbide bakarra

"Jokabide arduragabeak gaitzetsi eta arbuiatzen ditugu, gutxiengoa izan arren gehiengoaren osasuna arriskuan jartzen dutelako", ohartarazi du Jon Andoni Atutxak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk dio botiloiaren arazoari zeharka heldu behar zaiola eta gizarte osoaren inplikazioa bilatu behar dela, "Poliziaren erantzunetik haratago doan gaia delako". Jon Andoni Atutxa legebiltzarkidearen ustez, arazo konplexu eta ertz askoko baten aurrean gaude, eta horregatik "ahalegin kolektiboa" eskatu behar da. "Egia da arazo hau polizialetik haratago doala. Egia esan, ez dut uste neurri bakarra dagoenik, irtenbide bakarra. Bistan denez, egoerak hala eskatzen duenean, beharrezkoa da poliziaren jarduera. Baina onartzen badidazue, mugitu beharra dugu, denok. Erakundeak, noski, baina ahaleginak kolektiboa izan behar du. Gutako bakoitzak zeregin bat dugu jokabide horiek saihesteko", esan du.

Atutxa kezkatuta agertu da jarrera "arduragabeek, gizalegerik gabekoek eta onartezinek" uzten dituzten ondorioengatik; izan ere, herritarren gutxiengo batek egiten ditu jokabide horiek, baina, aitzitik, guztien osasuna kolokan jartzen dute. "Larriena da gutxi batzuek ezin dituztela arriskuan jarri gizarte honek pandemia atzean uzteko egin dituen eta egiten ari diren esfortzu eta sakrifizio handiak. Ez dira gehiengoa, baina gehiengoaren osasuna arriskuan jartzen dute", ohartarazi du. Hala, jarrera horiek irmo gaitzetsi ditu, eta indarrean dauden osasun arauak betetzen jarraitzeko deia egin dio gizarteari, "Partida irabazteko eta aurretik egindako ahalegin guztiak bertan behera ez uzteko".

Azken asteotan botiloi horietara joaten diren pertsona batzuek izan dituzten liskarren aurrean, Atutxak erabateko babesa agertu dio Poliziari, indarrean dauden araudiak betetzen direla bermatzeko egiten ari den lanean. Lan hori areagotu egin da egun hauetan prebentzioaren arloan, euskal herri askotan bizi izan diren egoerak berriro gerta ez daitezen. "Gure poliziak gure babes osoa du pandemia osoan egin duten lan zailean. Guztiok hobeto babesteko lan profesionala egiten ari dira".

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak bere egin du Euskal polizia osoari babes ematea, eta azken egunetan izandako indarkeria ekintzak gaitzetsi ditu.