Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2021/08/19

Iñigo Iturratek Kopenhageko Giza Eskubideen Batzar Interparlamentarioan parte hartu du, munduko ordezkariekin batera

Kontinente guztietako ehun ordezkari politikok baino gehiagok berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloan lortutako aurrerapenei buruz eztabaidatuko dute, eta LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzeko etorkizuneko ekintzak zehaztuko dituzte. "Aukera berri bat dugu komunitate honen eskubideen aldeko borroka agerian uzteko", aldarrikatu du legebiltzarkide jeltzaleak

rss Ezagutzera eman
Iñigo Iturratek Kopenhageko Giza Eskubideen Batzar Interparlamentarioan parte hartu du, munduko ordezkariekin batera

ARGAZKIA JAITSI

  • Iñigo Iturratek Kopenhageko Giza Eskubideen Batzar Interparlamentarioan parte hartu du, munduko ordezkariekin batera
    2021/08/19

    ARTXIBOA JAITSI

Iñigo Iturrate EAJ-PNVko legebiltzarkidea, Biztanleria, Garapena eta Sexu eta Ugalketa Eskubideei buruzko Euskal Taldearteko koordinatzailea den aldetik, ostegun eta ostiral honetan Kopenhagen izango da, LGBTI+ pertsonen giza eskubideak eta gizarteratzea sustatzeko Osoko Batzar Interparlamentarioan. Nazioarteko topaketa hau Aliantza Parlamentario Globalak eta Sexu eta Ugalketa Eskubideei buruzko Europako Foro Parlamentarioak sustatu dute.

Iturrate Europako Parlamentuko Foroaren ordezkaritzako kide izango da, eta, besteak beste, sei kontinenteetako 120 parlamentari baino gehiago bilduko ditu. Konferentzia horren helburuen artean dago LGBTI+ pertsonek munduan bizi duten errealitatea kontrastatzea, diskriminazioaren aurkako politikak eta inklusio-politikak sustatzea eskualde guztietan, eta aliantza-sare bat indartzea, komunitate horren eskubideen aldeko borrokak Batzar honetatik harago jarrai dezan. Zentzu horretan, Kopenhageko hitzordua pertsona guztien eskubideen aldeko borroka, eta bereziki LGBTI+ komunitatea osatzen dutenena, agerian uzten jarraitzeko aukera berri bat dela azpimarratu du ordezkaria jeltzaleak. "Badakigu oztopo asko daudela kentzeko, aniztasuna eta pertsona guztien eskubideak erabat errespetatuko dituen gizartea lortu arte. Hormak eraisteko lan horretan beti egongo da gure ahalegina, gure jarrera eta gure etengabeko entzuketa. Garrantzitsua da planeta osoko ordezkariek bat egitea berdintasunaren eta askatasunaren defentsa kolektiboan", adierazi du.

Iturratek aitortu egin du azken urteetan aurrerapauso handiak eman direla gurean, baina baita "egiteko asko" dagoela ere. Borroka, ziurtatu du, ez da gauden tokian amaitzen. "Pertsona gisa garapen osoa ahalbidetuko diguten politika publikoetarako urratsak ematen jarraitu beharko dugu. Ezin dugu erne egoteari utzi, eta berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren alde urte luzez lan egin arren, eskubide guztiak bermatuta ez dauden esparruak geratzen dira ", ohartarazi du. Hala, sexu-orientazioa eta genero-identitatea herrialde askotan jazarpen judizialaren, kartzelaren eta heriotza-zigorraren kausa direla salatzeaz gain, azken asteotan Euskadin izandako eraso homofoboak deitoratu ditu, onartezinak direla esan du, eta gizarte osoari eskatu dio "pertsona guztiek beren genero-identitatea eta sexu-orientazioa harrotasunez eta askatasun osoz bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen jarraitzeko". Zoritxarrez, hori ez dela horrela egiaztatu du, eta helburu bakarra askatasuna murriztea duten eraso onartezinak gaitzesten jarraitu behar dugu,

EAJ-PNVko legebiltzarkideak espero du Nazioarteko Batzar honek bultzada emango diela egiteke dauden konpromisoei, eta baterako lana aldarrikatuko duela pertsona guztien tratu-berdintasuna bermatzeko, homofobiari aurre egiteko eta diskriminazioaren biktimei erreparazioa eta arreta emateko.

WorldPride 2021

Osoko Batzar Interparlamentarioa LGTBI Harrotasunaren Munduko Jaiaren (WorldPride 2021) zazpigarren edizioa dela-eta antolatutako jardueren multzoaren barruan dago. Aurten Kopenhage (Danimarka) eta Mälmo (Suedia) dira LGBTI+ pertsonen eskubideen normalizazioa eta berdintasunaren eta giza eskubideen defentsa sustatzen dituen nazioarteko ekitaldi honen anfitrioiak. Asanblean izango diren parlamentariek ere parte hartuko dute larunbatean Kopenhageko kaleetan zehar egingo den manifestazioan, erabateko berdintasuna eta kriminalizazioaren eta LGTBI pertsonen jazarpenaren amaiera eskatzeko.

Lehen Harrotasun Mundiala Erroman ospatu zen 2000. urtean eta ordutik, Jerusalemen (2006), Londresen (2012), Toronton (2014), Madrilen (2017) eta New Yorken (2019) izan dira.