Prentsa Aretoa

2021/06/18

Euskadi Next programa egiteko elkarlana eta lankidetza nabarmendu ditu EAJ-PNVk

Itxaso Berrojalbiz legebiltzarkide jeltzaleak azpimarratu du Europako funtsen bidez finantza daitezkeen euskal proiektuak "lehiakorrak eta kalitatezkoak" direla, baita "ukigarriak eta gauzagarriak" ere, Europak ezartzen duen arau-esparruaren barruan

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Itxaso Berrojalbiz EAJ-PNVko legebiltzarkideak Euskadi Next programaren barruan dauden eta Europako funtsetara bil daitezkeen euskal proiektuen arteko elkarlana eta lankidetza azpimarratu ditu, eta, gainera, proiektu "lehiakorrak eta kalitatezkoak" direla adierazi du, gauzatu daitezkeenak, Europak ezarritako arau-esparruaren barruan baitaude. Euskadi Next programak, Berrojalbizek adierazi duenez, lortu beharreko baliabideak bideratzeko ibilbide-orria da, “gure herrialde-estrategian islatuz, ordenaz eta koherentziaz”.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Euskadi Next 2021-2026 programaren eguneratzea aurkezteko egin duen agerraldian, jeltzaleen ordezkariak Eusko Jaurlaritza ekonomia eta finantza kolapsoa saihesteko eta susperraldi ekonomikoa lortzeko gauzatzen ari den programak azpimarratu ditu. "Baina, Europako plan honek etorkizuneko plana izan behar du hurrengo belaunaldientzat, eta eraldaketarako palanka izan behar du. Eusko Jaurlaritzak badaki eta Euskadi Next programa bat dator ikuspegi eraldatzaile horrekin", esan du.

Legebiltzarkide jeltzaleak Eusko Jaurlaritzak egindako lana eskertu du, eta euskal proiektuek 18.000 milioi euroko eragina izan dezaketela eta Europako berreskuratze funtsekin finantzatu daitezkeela azpimarratu du. "Ikuspuntu pribatutik zein publikotik egindako proiektuak dira, lehiakorrak, ukigarriak eta gauzagarriak", esan du.

Hala ere, Berrojalbizek adierazi du beharrezkoa dela lehenbailehen jakitea zer mekanismo ezarriko diren berreskuratze-funts europarrak eskuratu ahal izateko, eta, horrela, funtsezkotzat jo du Espainiako Gobernuaren asmoen berri izatea, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen deialdiaren ostean, uztailean erkidegoetako presidenteen konferentzia iragarri baitu, berreskuratze-plana eta Europako funtsen laguntzak azaltzeko.