Prentsa Aretoa

2021/06/17

EAJ-PNVk funtsezkotzat jotzen du elkarlaneko gobernantza publiko-pribatua, herri-erronkei aurre egiteko

Irune Berasaluze legebiltzarkideak azpimarratu du "lankidetza eta parte-hartzea" izan dela Euskadin aurrera jarraitzeko oinarria. "Beti, guztion lankidetzari eta parte-hartzeari esker, baina beti arduraz, eta batez ere baliabide publikoen kudeaketan eta legeak betetzen"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Irune Berasaluze EAJ-PNVko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzak enpresa- eta gizarte-proiektuak indartzeko duen lidergo bideratzaileari balioa eman dio, eta, horretarako, funtsezkotzat jo du erakunde publiko guztiak elkarlaneko gobernantza-ereduetan oinarritzea, lankidetza publiko-pribatuaren bidez.

Jeltzaleen ordezkariak ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean egin duen osoko bilkuran esan duenez, erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza hori da modurik onena herri mailako erronkei erakunde publiko guztietatik aurre egiteko. "Beti egongo gara lankidetza publiko pribatu baten alde, are gehiago gaur egun ditugun erronkei aurre egiteko beharrezkoa denean", esan du.

Ildo horretan, Berasaluzek Europako funtsak eta Eusko Jaurlaritzaren Next Generation programa aipatu ditu, Euskadiren susperraldi, eraldaketa eta erresilientziarako. Europako funtsak kudeatzeko lankidetza publiko-pribatua aukera ona eta, gainera, beharrezkoa dela azpimarratu du legebiltzarkide jeltzaleak. "Agian ez dago baliabide publiko nahikorik funts horiek denboran eta garaiz kudeatzeko. Eta hori da Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna: funts horiek behar bezala kudeatzea eta eragile pribatuekin elkarlanean aritzea formula egokia izan daiteke", esan du.

Hori dela eta, Berasaluzek azpimarratu du "guztien lankidetza eta parte-hartzea" izan dela Euskadin aurrera jarraitzeko oinarria. "Beti, guztion lankidetzari eta parte-hartzeari esker, baina beti arduraz, eta batez ere baliabide publikoen kudeaketan eta legeak betetzen", esan du.