Prentsa Aretoa

2021/04/15

EAJ-PNVk balio demokratikoetan eta giza eskubideen defentsan oinarritutako errepublikanismoaren printzipioak nabarmendu ditu

Eusko Legebiltzarrak EAJ-PNVren proposamena onartu du, Euskadi autodeterminazio-eskubidea duen subjektu juridiko-politiko gisa defendatzen duena

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Joseba Egibar EAJ-PNVko bozeramaileak esan du Euskadi subjektu juridiko-politikoa dela eta erabakitzeko eskubidea duela, eta, beraz, eskubide hori aitortzea eta erabiltzea euskal gizartearen garapen politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta linguistikoaren berme gisa ulertzen dela.

Ostegun honetako osoko bilkuran, II. Errepublikaren aldarrikapenaren 90. urteurrenean, Egibarrek adierazi du balio demokratikoetan eta giza eskubide indibidual zein kolektiboen defentsan oinarritutako errepublikanismoaren printzipioekin duen konpromisoa. "Edozein estatu demokratikok egituratu behar dituen eskubideak eta balioak, bai ekintza politikoan, bai gatazkak konpontzeko moduan", adierazi du.

Horrela, duela 90 urte Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuarekin finkatu ziren oinarri politiko nagusiei buruz hausnartu du ordezkari jeltzaleak, izan ere, oinarri horiek euskal udal ordezkaritzaren jarrera politikoa bermatzen zuten 1931n. Batetik, euskal errepublika, gainerako errepublika iberikoekin konfederatua; eta, bestetik, Euskadik bere buruarekiko erabateko subiranotasuna izatea, autodeterminazio-eskubidea erabiliz.

"Horiek ziren oinarriak, oinarri politikoak. 90 urteren ondoren, errepublika eta giza eskubide indibidual eta kolektiboak aitortzen dituzten balioak aitortzeaz gain, estatu bakoitzak bere egitura antolatzeko kontuan hartu beharko lituzkeen balioak daudela uste dugu. Hori da EAJ-PNVk hemen eta orain, 90 urte geroago, II. Errepublikaren inguruan egiten duen hausnarketa eta omenaldia", azpimarratu du Egibarrek.