Prentsa Aretoa

2021/04/13

EAJ-PNVk indarkeriaren aurkako eta pluralismoaren aldeko manifestua sinatu du PSE-EE eta Podemosekin batera

Jeltzaleek, EH Bilduri PP eta Vox bidelagun izatea aurpegiratu diote, indarkeriaren erabilera arbuiatzeari eta eskuin muturraren edo beste edozein muturreko intoleranteren erasoak gaitzesteari uko egiteagatik. "Muturrak berriro ukitzen dira"

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk indarkeriaren aurkako eta pluralismoaren aldeko manifestua sinatu du PSE-EE eta Podemosekin batera

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren talde parlamentarioak, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin batera, indarkeria erabiltzearen aurkako adierazpen bat sinatu du gaur goizean. Adierazpen horretan, arbuioa eta gaitzespena adierazi dute, Cartagenan hilaren 2an alderdi morearen egoitzaren aurka izandako erasoengatik. Hiru alderdiek salatu dutenez, horrelako ekintzak "eskuin muturrak edo beste edozein muturreko intolerantek bultzatutako gorroto-diskurtsoaren ondorioz gertatzen dira, eta bizikidetza demokratikorako erronka dira". Manifestu horretan, sinatzaileek bide baketsu eta demokratikoekiko eta aniztasun politikoaren, askatasunaren eta tolerantziaren balioekiko konpromisoa berretsi dute, alderdi politiko jakin batzuek sistematikoki zalantzan jartzen dituztenak. "Indarkeria ekintza politikorako tresna gisa erabiltzeak ez du lekurik XXI. mendeko Europan. Indarkeria, mehatxuak edo estortsioa inolako proiekturen defentsarako tresna gisa erabiltzearen aurka gaudela berresten dugu", dio testuak.

Akordio horretatik kanpo daude EH Bildu, PP eta Vox, manifestuarekin bat egiteari uko egin dioten alderdiak. Jeltzaleek EH Bilduri leporatu diote bidelagun horiekin geratu izana, indarkeriaren erabilera errefusatzeari eta alderdi politikoen egoitzen aurkako erasoak gaitzesteari uko egin diolako. "Arnaldo Otegiri konparazioak gustatzen ez bazaizkio ere, bere ekintzak eta jarrerak bat datoz eskuinekoekin eta eskuin muturrekoekin. Elkarbizitzatik aldentzeko ahaleginean muturrak berriro ukitzen direla pentsatu genezake". EAJ-PNVrentzat, batzuek eta besteek, haserrea besterik sortzen ez duten posizionamenduekin, elkar ulertzea zailago egiten dute. "Ez diote arrazionaltasunik ematen eztabaida politikoari. Ezker abertzaleak esan zezakeen eraso hauek justifikaziorik gabekoak direla, esan zezakeen indarkeria iraganaren parte dela, baina ez dute egin. Berriro ere zoru etikoa urratzen dute, eta haien kontakizuna selektiboa da, beste alderdi batzuena bezala". Joko demokratikoarekin duen konpromisoa ez da sinesgarria, jeltzaleek ondorioztatu dutenez.