Prentsa Aretoa

2021/03/11

EAJ-PNVk txalotu egin du Eusko Jaurlaritzak Irungo migratzaileei emandako erantzun "arin eta koordinatua"

Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak mugako pasabidearen egoeraren berri eman du gaur Legebiltzarrean. "Euskadi eta bertako erakundeak pertsona horiekin ari dira lanean. Laguntza humanitarioa behar duten guztiengana iristen ari da. Ez dago babesgabetasun-egoerarik", adierazi du Maitane Ipiñazarrek

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk txalotu egin du Eusko Jaurlaritzak Irungo migratzaileei emandako erantzun

ARGAZKIA JAITSI

"Euskadik larrialdi humanitarioari aurre egiteko baliabideak dituela erakusten ari gara. Denbora errekorrean eta baldintza oso arrazoizkoetan, erakundeek eta hirugarren sektoreak Frantziara iritsi nahi duten pertsona guztiei lagundu diete, gure mugako pasabidearen bidez. Inor ez da babesik gabe geratu eta pertsona orok jaso du arropa, janaria eta ohea". Maitane Ipiñazar legebiltzarkideak Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariarekin gaur eguerdian egin duten bileran azaldu duen hausnarketa da, eta berak eskatuta, Ganberara joan da migratzaileen etorrerari buruzko azken orduaren berri ematera. Ipiñazarrek erakundeak Euskadiko Gurutze Gorriarekin elkarlanean egiten ari diren lan goraipagarria baloratu du, "Testuinguru zail batean, iritsiko den pertsona-bolumenari buruzko informazio zehatzik gabe eta Espainiako Gobernuak Kanarietako egoerari buruzko estrategia orokor eta argirik diseinatu gabe, pertsona gehienak hortik baitatoz". EAJ-PNVren ordezkariak gogorarazi du atzerritarren joan-etorrien eta pertsonen sarreraren eta irteeraren eskumena Estatuari dagokiola, eta Euskadik bere jarduera "behar duten pertsonen giza arretara mugatuta" duela. "Gure ekintza esparruaren barruan, Eusko Jaurlaritzak pertsona guztien beharrak bete ditu, eta ez du inor kanpoan utzi. Egoera horien aurrean, gure betebeharra ahulenari laguntzea eta gure laguntza eta babes osoa ematea da". Herrialde solidarioa gara, adierazi du, eta prest gaude beti behar duenari laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, udalekin, Gobernuaren Ordezkaritzarekin eta hirugarren sektorearekin duen "lankidetza eta koordinazio bikaina" azpimarratu du Ipiñazarrek, eta Espainiako Gobernuak komunikazio arina eta etengabea izateko beharra azpimarratu du, "Gerta daitekeen edozein ezustekoren aurrean prest egon gaitezen. Badakigu Kanarietako egoera zaila dela eta jende asko dagoela uhartetik irten eta Europako iparraldera iristeko zain. Badakigu iragaitzazko pertsonen fluxu hori ez dela gelditu, eta horregatik da garrantzitsua Eusko Jaurlaritza aldez aurretik informatuta egotea bere erantzun-planak diseinatzeko".

EAJ-PNVk "bereziki" eskertu nahi izan du Gurutze Gorriak Irunen "atsedenik gabe" egindako lana, "Migratzaileekin esperientzia handia duen eta haien beharrak bertatik bertara ezagutzen dituen erakundea baita". Ahalik eta erantzun onena emateko ausardia azpimarratu nahi dugu. Egunotan berriz ere erakusten ari zaizkigu ahulenekin duten konpromiso humanitarioa. Konpromiso hori partekatzen dugu alderdi honek eta gobernu honek".