Prentsa Aretoa

2021/02/04

Indarrean dagoen "ordenamendu juridikoaren aurka" dago errentamendu-prezioa mugatzeko EH Bilduren lege proposamena, EAJ-PNVren ustez

Irune Berasaluze legebiltzarkide jeltzaleak Eusko Jaurlaritzaren estrategia defendatu du etxebizitzen alokairuari dagokionez; izan ere, eskaintza publikoa handitzearen alde egin du, hutsik dauden etxebizitzak mugiaraziz, eta Jaurlaritzak foru aldundiei alokairua merkatuko balioaren azpitik sustatzeko neurri fiskalak hartzea proposatzen jarraituko duela bermatu du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Irune Berasaluze EAJ-PNVko legebiltzarkideak adierazi duenez, EH Bilduk etxebizitzaren errentamendu-prezioa mugatzeko duen ekimena, Euskal Zuzenbide Zibilaren Legeari titulu berri bat gehituta, ez da behar bezala proposatu, aldez aurretik ere kontuan hartu gabe Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen irizpena, Legean bertan araututakoa. "Euskal Zuzenbide Zibilaren eguneraketa kontu handiz egin behar da, herritarren onespenarekin amaituz, iraganeko beharrak eta etorkizunekoak batu eta uztartuz".

Berasaluzek ostegun honetako Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran adierazi duenez, EH Bilduren Lege Proposamenean proposatutako artikuluek argi uzten dute ez dela hiri-errentamendua arautzen, ez eta aldeen eskubide eta betebeharrak ere, baizik eta Administrazioak tentsioko eremuetako alokairuen prezioa mugatzeko esku-hartzean duela interesa. "Zuzenbide autonomikoa eta zuzenbide zibil propioa ezin dira nahastu. Eta ekimen honen helburua administrazioaren esku-hartzea da, ez kontratu erakunde pribatua arautzea ", esan du.

Ordezkari jeltzaleak ez du baztertu alokairuaren prezioa kontrolatzeko tresnak erabiltzea, baina neurri horrek ez du berez balio edo ez da nahikoa etxebizitza falta edo etxebizitza eskuratzeko zailtasuna konpontzeko.

Ildo horretan, etxebizitzaren arazoa konpontzeko, alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzen jarraitu behar dela esan du, Eusko Jaurlaritzak egin duen bezala; izan ere, etxebizitza publikoen eskaintza handiagoak alokairuaren prezioak merkatu librean sartzea ekarriko du.