Prentsa Aretoa

2020/11/05

Berdintasunerako Legearen aldaketak indarkeria matxistaren aurkako borroka indartuko duela ziurtatu du Arrizabalagak

Legebiltzarkide jeltzaleak balioan jarri du Emakundek eta euskal erakundeek indarkeria matxista desagerrarazteko egindako ibilbidea, "Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren icebergaren punta"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Jaurlaritzak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Euskal Legearen aldaketa bizkortzeko konpromisoa hartuta, Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkideak uste du legegintzako esku-hartze hori funtsezkoa izango dela emakumeen aurkako indarkeria genero-desberdintasunaren adierazpen goren gisa kokatzeko. Horrela, etorkizuneko legea berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko beste urrats garrantzitsu bat izango da. "Jaurlaritza eta EAJ-PNV-k indarkeria matxista desagerrarazteko konpromisoa irmoa du. Etengabe egin behar da aurrera eta egokitu behar dira legeak, zerbitzuak eta protokoloak. Biktima bakarra bat ere ez egon arte lanean jarraitu behar dugu, eta hori iristen ez den bitartean emakume guztiei babesa eta laguntza eman behar diegu", adierazi du.

Arrizabalagak arauak ekarriko dituen aldaketetako batzuk azaldu ditu; besteak beste, berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta teknikoak indartzea eta indarkeria matxistaren ondorioz seme-alaba umezurtzentzako laguntza-sorta berri bat sortzea. Azken batean, emakume guztiei erantzun "integrala, doakoa, eskuragarria eta kalitatezkoa" eskaintzea da helburua, haien egoera pertsonala, soziala eta administratiboa edozein izanda ere. Legebiltzar-talde guztiek helburu berberak dituztela sinetsita, ordezkari jeltzaleak, legea Ganberara iristen denean, legeari ekarpenak egiteko deia egin dio oposizioari,. "Ziur nago ahalik eta legerik onena lortzen saiatuko garela, elkarrizketaren, akordioaren eta negoziazioaren ondorioz. Biktimei zor diegu, haien familiei. Gizarteak erantzun bateratua behar du berdintasunaren alde".

Berdintasunezko gizartea lortzeko bidean, Arrizabalagak Emakunderen eta euskal erakundeen ibilbideari balioa eman dio; lan horri esker, Euskadi aitzindaria eta erreferentea izan da berdintasun-politiken garapenean, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeari eta ezabatzeari buruzkoak barne. "Gure politikak jardunbide egokitzat jotzen dira eta nazioarteko erakundeen nahiz beste herrialde eta eskualde batzuen interesa pizten dute. Lege-esparru sendoa dugu", esan du, 2005ean onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeari eta 2001ean eta 2009an biktimei ematen zaien laguntza hobetzeko akordio instituzionalei erreferentzia eginez.